Gatibuk zuzeneko emonaldia grabauko dau Plateruenan

Saioa Torre Gereketa 2009-09-25 15:48   Musikea
Zeu, zeu, zeu! kantearen bideoklipa be aurkeztu dabe

Aurkezpen bikotxa egin dau gaur Gatibuk Bilbon: 'Zeu, Zeu, Zeu!' kantearen bioklipa batetik eta zapatuan, irailak 26, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskaini eta grabauko daben kontzertua, bestetik. Ekitaldia 22:00etan izango da eta sarrerak txarteldegian eskura daitekez 10 euroan (aurresalmentan, 8 euroan).

Aurkezpen bikotxa egin dau gaur Gatibuk Bilbon: 'Zeu, Zeu, Zeu!' kantearen bioklipa batetik eta zapatuan, irailak 26, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskaini eta grabauko daben kontzertua, bestetik. Baina ez hori bakarrik: aurrerapen legez, Baga-biga diskoetxeko ordezkari Ritxi Aizpuruk jakinarazo dau datorren urtean Gatibuk disko barria atarako dauela, 'zuzenean grabautako kantakaz gehi kanta barriakaz'.


Plateruenan

Kontzertuaren grabazinoak ez dau birearen amaierea ekarriko, baina Bilbon, Donostian eta Gernikan emondako kontzertuetan grabautakoakaz batera, Gatibuk munarri bat jarri gura dau bere ibilbidearen punturik gorenetarikoan. 'Disko honegaz eskaini genduan lehenengo kontzertua Durangon izan zan eta kontzertu haren amaieran sentidutakoak errepetiduezinak dirala esango neuke; horregaitik, han zeozer berezia egiteko gogoa geunkan ze, ganera, aretoa, berez, bikaina da sonoridade aldetik eta tamainuari jagokonean be, publikoagaz sortzen dan loturea oso berezia da', azaldu dau taldeko buru Alex Sarduik. Beragaz batera, Haimar Arejita -gitarrea-, Mikel Caballero -bajua- eta Gaizka Salazar -bateria- egon dira. Arejita be bat dator Alexegaz: 'aurtengo udako birea gure birarik onena izan da, hasi ginanetik kontzertuetara jente ugari hurreratu da eta horregaitik erabagi dogu orain egitea, bestela baleitekelako inoiz ez egitea'. Antzokiaren ezaugarri egokiak be azpimarratu ditu gernikar gitarra-joleak.

Sorpresarik egongo ete dan itauntzerakoan, 'sorpresa nagusia orduan hasiko dala izango da, hau da, hamarrak puntu-puntuan', erantzun dau umoretsu Arejitak. Gainontzeko taldekideek jakinarazo dabe baleitekela kontzertu amaieran zeozer berezia egotea. Alexek azpimarratu dau jaia izango dala nagusi, 'jenteak disfrutau dagiala gura dogu'.

Ekitaldia 22:00etan izango da eta sarrerak txarteldegian eskura daitekez 10 euroan (aurresalmentan, 8 euroan).


'Zeu, zeu, zeu!' bideoklipa

Orain dala sei hilabete kalean egon beharko leuken 'Zeu, zeu, zeu!' kantearen bideoklipak gaur ikusi dau argia eta taldekideek kazetariek baino minutu batzuk lehentxuago izan dabe aukera hori. Disko honetatik jaioten dan bigarren bideoklipa da, 'Bang-bang txik-txiki bang-bang' jantzagarriaren ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu