Art After Dark barriro be Guggenheim Bilbao Museoan
2009-09-25 14:12 MusikeaGaur, hilak 25, barriro hasiko dira Art After Dark gaueko saioak Guggenheim Bilbao Museoan. Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatuak, saio horreetan artea eta nazinoarteko DJ ospetsuen musikea buztartzen dira.
Gaur, hilak 25, barriro hasiko dira Art After Dark gaueko saioak Guggenheim Bilbao Museoan. Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatuak, saio horreetan artea eta nazinoarteko DJ ospetsuen musikea buztartzen dira. Oraingo honetan, bertaratzen diranek Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak erakusketaz eta Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan Bilduma Iraunkorraren aurkezpenaz gozau ahal izango dabe.
Musika egitaraua (Irailak 25)
Shinedoe
Bere oinordetza afrikarra eta 1980ko hamarkada hasierako musikea inspirazino iturri hartuta hasi zan jantzari moduan musikea mobimentuaren bidez adierazoteko asmoagaz, baina berehala jarri eban atentzinoa musika nahasketetan. 1995ean, Amsterdamgo VIP klubean (Paradiso) egin eban debuta eta bertako DJ egoiliarra izentau eben. Harlemgo (New York) Stalker klubak be DJ egoiliarra izatea eskaini eutson.
Shinedoe Herbehereetako eta atzerriko jaialdi, klub eta jai garrantzitsuenetan ibili da DJ lana egiten. 2001ean, Inmotion bere ikuskizuna lantzen hasi zan Amsterdamgo Paradiso eta Amuse klubetan. 2004an, bere bilakaeran momentu gorena bizi eban eta Dillema aurkeztu eban, momentuan klasiko bihurtu eta urte berean Eivissako Cocoon klubean udako kanta izan zana. Egun, Intacto Records bere diskoetxearen jaube da.
DJ Randy Ruiz (Tote King-en DJa)
DJen artean eta hip hop produktoreen artean ezaguna da espainiar estadu mailan, bere lagun Tote King-en DJa da. Bere lanak 1990eko hamarkadako rap musikearen eragina, batez be, Ganstarr, Public Enemy eta De la Soul taldeena izan dau. Sevillako musikagile honek bere DJ alderdia garatu eban produktore izatera heldu arte, eta orain bere nahasketa propioak sortzen ditu.
DJ Kinki
Gaur egun pop heterodoxoa eta jantzagarria jarten dauen arren, Bilboko Fever klubeko DJ egoiliarra 1990ko hamarkadako Euskal Herriko 'indie' munduko erreferentzia da. Garai haretan baxua joten eban Dry Flies taldean; Subterfuge Records-egaz, Espainiako diskoetxe independente garrantzitsuenagaz, single bat grabau eta Killer Barbies filmaren jatorrizko soinu bandan parte hartu eben.
Horrezaz gan, Little Fish taldeko kide be izan zan eta horreekaz Benicàssimgo FIB-eko eszenatoki nagusian jo eban 1997an. 2005ean, Fever klubak bere ateak edegi zituanetik, Kinkik bertan hasi eban bere ibilbide profesionala DJ moduan, baina gora heldu da dagoeneko: azken urte honetan Madrilgo Low, Elástico, Ochoymedio eta Independence aretoetan ibili da, baita Bartzelonako Depósito Legal eta Salamandran, edo Valentziako The Mill Club eta Tornillon be. Gaur, barriz, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan izango da zuzenean.
Museoak gaueko 10:00etatik goizaldeko 01:00etara zabalduko ditu ateak.
Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat): 12 € Publiko orokorra eta 8 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua.
Dagoeneko salgai leihatiletan eta www.guggenheim-bibao.es webgunean. (Derrigorrezkoa izango da Museotik pasetea txartela gau horretan Fever klubera sartzeko beste bategaitik trukatzeko).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!