Agortu egin dira 'Mamma mia!' musikalerako sarrerak

Bizkaie! 2009-09-03 14:24   Musikea
Ia 40.000 ikuslek ikusi dabe musikal arrakastatsu hau Arriaga Antzokian, eta 1.580.000 euro batu ditue, marka guztiak hausiz

Zifra horreek gogoan hartuta, 'Mamma mia!' da Euskadiko arte eszenikoen historian zehar diru-sarrera eta ikusle kopuru handiena lortu dauen ikuskizuna.

ABBA suediar talde ospetsuaren kantu ezagunak oinarri dituan musikalak marka guztiak hausi ditu publikoari eta diru-batzeari jagokenez. Sarrera guztiak agortu egin dira, programautako azken saiorako hainbat egun falta diranean. Azken saioa datorren domekan, irailaren 6an izango da.

'Mamma mia!' musikalak 1.580.000 euro inguru batu ditu eta antzokira ia 40.000 ikusle erakarri ditu. 40.000 lagun horreen artean, dagoeneko, musikala ikusi dabenak eta hurrengo saioetan ikusiko dabenak hartu dira kontuan. Bilboko Arriaga Antzokian, abuztuaren 6an estreinau eben ABBA abestien musikal hau eta bertan izango da datorren domekara arte, irailaren 6ra arte. Aldi horretan, danetara, 39 saio eskainiko dira.

Zifra horreek gogoan hartuta, 'Mamma mia!' da Euskadiko arte eszenikoen historian zehar diru-sarrera eta ikusle kopuru handiena lortu dauen ikuskizuna. Orain arte, diru eta publiko gehien erakarri izan dauen musikala 'Hoy no me puedo levantar' zan. Azken horrek 2008ko abuztuaren 13 eta irailaren 13 bitartean, sarrerak 1.351.086 eurotan saltzea eta danetara, 32.481 ikusle erakartea lortu eban.

'Mamma mia!' obran Nina da protagonista eta Donna-rena egiten dau; 2004tik dabil lan horretan. Abeslari eta jantzari ezaguna beste 12 abeslariren buru agiri da; tartean ondorengoak dagoz: Georgina Llauredó (Sophie alaba), Marta Valverde (Tanya), Daniel Diges (Sky) edo José Linaje (apaiza) bilbotarra. Madriletik eta Bartzelonatik pasau ondoren, 'Mamma mia!' musikalak abuztuaren 6an Bilboko Arriaga Antzokian bira bati ekin eutson, eta 28 bisitauko ditue 2010eko abuztura bitartean.

Mundu mailan, 1999an estreinau zan ikuskizuna Londonen eta egun 12 produkzino dagoz kartelean, besteak beste, Broadway eta Moscuko agertokietan. Munduan 40 miloe lagun baino gehiagok ikusi dabe musikal hau eta Madrilen 2004an estreinau zanetik, 1.400.000 inguru dira ikuskizunagaz gozau dabenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu