Xabier de Felipe biolinista bilbotarrak 'Nicanor Zabaleta' Saria irabazi dau

Bizkaie! 2009-07-23 11:31   Musikea

Ara Malikian eta Raffaela Acella biolinistek, eta Juan José Ocón orkestra zuzendariak osoturiko epaimahaiak erabagi dau, ikasketak sakontzeko 17.000 €ko Sari-Beka ospetsu hori, parte hartzaile guztien artean, gazte bilbotarrari emotea.

Hari instrumentistentzat Donostian egiten ohi dan 'Nicanor Zabaleta' XVI. Sariketan, 22 urteko Xabier de Felipe biolinista bilbotarrak lehenengo saria irabazi dau.

Nicanor Zabaleta, mundu mailan ospetsu izan zan harpa-jotzaileak eskaturik, Gipuzkoako Diputazinoak martxan jarri eban Sari hau, 1994tik hona urtero emoten dana.

Ara Malikian eta Raffaela Acella biolinistek, eta Juan José Ocón orkestra zuzendariak osoturiko epaimahaiak erabagi dau, ikasketak sakontzeko 17.000 €ko Sari-Beka ospetsu hori, parte hartzaile guztien artean, gazte bilbotarrari emotea.

Orain gitxi, pasa dan maiatzean, Xabier de Felipek, bakarlari moduan bere Aurkezpen Kontzertua egin eban, Sociedad Bilbainako Musika Aretoan, Irini Gaitani pianista grekoak lagundurik, publikoaren eta kritikearen aldetik oso harrera ona izanik.

Hogeita bi urteko biolinista hau EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestrako Kontzertinoa, Sinfonietta Musikene eta Musikene Orkestra Sinfonikoko Kontzertinoa izan da. Orain arte sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak ebste, honakoak:

1. Saria, 2004ko Euskadiko Ikastetxe-Arteko Jotzaile Gazteen Lehiaketan.

1. Saria 'Acordes 2007' Txapelketan, 'Kinteto Musikene' taldeko biolinista moduan; hau, Espainiako Goi Mailako Kontserbatorio-Arteko Ganbara-Musika Sari inportanteena da.

1. Saria 'Jóvenes Intérpretes 2009' Logroñoko Lehiaketan.

Schleswig-Holstein, Gazte Orkestra Internazionaleko partaidea da 2007-2008 denporalditik. Honegaz, Alemania, Errusia, Armenia, Lituania, Brasil eta Hungarian jo izan dau, Christoph Eschenbach, Iván Fischer, Zoltán Kocsis eta Christopher Hogwoodek zuzendurik.

Xabier de Felipek pasa dan bagilean bikain amaitu ditu bere Goi Mailako Ikasketak, Donostiako Musikenen, eta datorren ikasturtetik gora Frankfurteko Hochschulen egingo dau Graduatu Ondokoa, Walter Forchert Maisu entzutetsuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu