Bilboko eta Vareseko udalek musika talde barrien emonaldiak alkartrukatzeko hitzarmena sinatu dabe
2009-07-17 10:57 MusikeaSopelanako eta Bilboko gazteek osoturiko Rise to Fall metal taldea izango da lehenengoa, izan be, Vareseko Summerfest jaialdian joko dau garagarrilaren 25ean, eta horren trukean, Italiatik Juliet's Crying taldea etorriko da Bilbora.
Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak hitzarmen bat sinatu dau Varesseko Udalagaz (Italia), bi urien artean ezagutzera emoten ari diran eta gorantz doazen musika talde barrien emonaldiak alkartrukatzeko, Bilboko Udalak jakinarazo dauenez.
Holan, Sopelanako eta Bilboko gazteek osoturiko Rise to Fall metal taldea izango da lehenengoa, izan be, Vareseko Summerfest jaialdian joko dau garagarrilaren 25ean, eta horren trukean, Italiatik Juliet's Crying taldea etorriko da Bilbora. Bilbao Hiria XXI. Lehiaketearen aurkezpen-ekitaldian joko dau talde italiarrak, The Cherry Boppers talde bilbotarragaz; hitzordua Bilborocken izango da, abenduaren 12an.
Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak gazteen ekimenak sustatzeko eta gazteen partaidetza sormenean bultzatzeko bideratzen dituan politiken barruan dago Vareseko Udalagaz sinatutako hitzarmena.
Aitatu Saileko zinegotzia dan Jon Sustatxaren eretxiz, 'holako hitzarmenen bitartez bertoko musika taldeak sustatzea, gure taldeek Europako eszenatoki gehiagoetan joteko aukera gehiago eukitea eta antzeko gustu eta ardurak dituen beste herrialde batzuetako taldeakaz hartu-emonetan sartzea lortzen dogu'.
Beste alde batetik, harrerea egin behar dauen udalaren kontura izango da musika taldeko kideei ostatu emotea eta jatorrizko udalaren konturakoak izango dira bidaiaren gastuak eta dietak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!