X. Aritzatxu Rock Free! Bermeon garagarrilaren 18an

Bizkaie! 2009-07-10 11:00   Musikea

Rock musikearen estilo eta joera ahalik eta gehienak doban eskaintzeko filosofiari eutsiz, Aritzatxu Rock Free!-ren X. edizinoak, Ivan Julian & Capsula, Frustration, Los Chicos, Insomnio, Suspect Parts, Inserta, Las Culebras eta The Bite taldeen kontzertuak preparau ditu.

Aritzatxu Rock Free! jaialdiak bere urteroko hitzordua dauka Bermeoko Pergolan, garagarrilaren 18an, zapatuan, 18:00etan hasita. Rock musikearen estilo eta joera ahalik eta gehienak doban eskaintzeko filosofiari eutsiz, jaialdiaren X. edizinoak, Ivan Julian & Capsula, Frustration, Los Chicos, Insomnio, Suspect Parts, Inserta, Las Culebras eta The Bite taldeen kontzertuak preparau ditu.

Urtero legez, jaialdiak dohainik kanpatzeko aukerea emongo dau kontzertuak egingo diran gunearen ondoan. Nuntxaku Kultur Elkartea, MB 2000 Zerbitzu Sozio-kulturalak, Beleza Malandra eta Bermeoko Udaleko Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Saila eta Gazte Plana dira jaialdiaren antolatzaileak, Spookypheria Productions, Bizkaiko Foru Aldundia eta San Miguelen lankidetzeagaz.


Kartela

Richard Hell & The Voidoids, The Outsets eta Lovelies taldeetako jatorrizko kide izandako Ivan Julian New Yorkeko gitarristak eta musikariak bat egin dau Capsula hirukote argentinar-bilbotarragaz, bere argitaratubako abestiak batu dituan 'The Naked Flame' diskoa plazaratzeko. Batasun honetatik azken hamarkadetako New Yorkeko soinuen erakusketa bat atara da, Hendrixen iragazkitik findutako Stonesen soinuak, punk-funk-voodoo erritmoak, psikodelia eta gitarra zorrotzen gaineko preminazko erritmoak buztartuz.

Frustration frantsesek ahaztuta egozan post-punk soinuak berreskuratu ditue, baina soinu barritu eta biziagoagaz. Modan dagoz Europa osoan, batez be 'Relax' (2008) diskoak izandako kritika bikainakaitikk (Joy Division barriak dirala esatera heldu dira batzuk), baina baita euren zuzeneko (gitxi) eta basatien ondorioz lortutako zale ugariengaitik be (siniestroak, punkak, post punkak...).

Los Chicos rock and rollaren festa dira. Talde madrildarrak musika baltzaren eragin garbia dauka, blues, rhtyhm and blues edo soul esaterako, baina punkaren energia ahaztu barik. Dr. Feelgood, Eddie and The Hot Rods eta Devil Dogsen edota Howlin' Wolf, Nine Pound Hammer eta Radio Birdmanen nahasketea dira.

Insomnio zaragozarrek hardcore eta punk rockari emoten deutsie eta gaztaroko etsipena eta frustrazinoa darie, Adolescents, Reagan Youth edo 7 Seconds lako taldeen eragin garbiakaz. 2006tik joten dabe eta zenbait lan kaleratu ditue. Aritzatxu Rock Free!!!-koa izango da taldearen lehenengo kontzertua amaitu barri daben Europako hirugarren birearen ondoren.

Justin Maurer, Chris Bell, James Sullivan eta Gerhard Smail dira Suspect Parts. Justinek, Clorox Girls taldeko abeslari eta gitarristeak, bere hiru lagun batu ditu 'apokalipsiaren mobimentuari ekiteko. 1960ko hamarkadako pop eta 1970eko hamarkadako Kaliforniako hondartzetako punk soinuak nahasten ditue. The Kinks, Wire, Buzzcocks, Franz Ferdinand, Rezillos edo Undertones dira taldearen hazia, baina ukitu modernoago bategaz.

Inserta, 2001ean Deustun sortutako post-hardcore bat da. Alemanian eta Frantzian jotea ahalbidetu eutsen bira baten eta demo baten ondoren, 2006an editau eben 'Escenario de no tiempo' lehenengo lan luzea. 2008ko amaieran, 'Reencuentros' diskoa kaleratu eben, bigarren diskoa. Laukote destuarrak zuzeneko biziak eskaintzen ditu, indarrez eta sentimenduz beteak, Euskadi, Espainia zein Europan emondako hainbat kontzertutan landutako zuzenekoak.

Las Culebras, barriz, 2004an Iruñean sortutako taldea da. AC/DC, Kiss, MC5, Rolling Stones, Aerosmith edo Black Sabbathek eragindako rock gogorra egiten dabe. 2007an, lehenengo diskoa kaleratu ondoren, Aritzatxu Rock Free!-n aurkeztuko ditue laster salgai izango dan bigarren diskoko abesti barriak.

The Bite Bartzelonako laukote bat da, 2006an sortua, eta punk britainiar, mod revival eta power pop soinuen eraginakaz. 2007an atara eben Daily Recordsek editautako bost abestiz osotutako debut lana. Laster agortu ziran 500 kopiak eta barriro argitaratu behar izan eben. 2009an beste EP bat kaleratu dabe, The Cute Lepers taldeagaz partekatua, eta laster izango da kalean euren lehenengo lan luzea.

Aurtengo Aritzatxu Rock Free! jaialdiari emaierea emoteko bi 'pintxa-saio' antolatu ditue: Julen Baltzamoren 'Black Rock Miscelanea' eta Jordi Daily Recordsen 'Northern Soul Classic'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu