'Itoiz suite', Itoizen musikea Bilboko Orkestra Sinfonikoarentzat idatzia

Bizkaie! 2009-07-03 15:31   Musikea
'Itoiz suite' obrearen aurkezpen mundiala, datorren abuztuaren 22an izango da Abandoibarran, Bilboko Aste Nagusiaren barruan

Itoizen publikoa beti gogoan egindako lana da egileak autortu dauenez eta, esangura horretan, taldearen musikea inspirau eban rockaren estetikea gordetea eta orain 20-30 urteko inozentzia, freskurea ez galtzea izan dira Juan Carlos Perezen ardura nagusiak.

Itoiz taldea desegin eta 20 urte geroago, Juan Carlos Perez taldeko liderrak, 'Itoiz Jaungoikoa bazan, Perez jn.a profetea zan, gure Paul MCartney, artista integrala', Isabel Sanchez Robles, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako zinegotzia eta Jai Batzordeko presidenteak aurkezpenean adierazo dauenez, makinatxu bat jirabuelta emon behar izan ditu azken urtebete eta erdian, taldearen klasiko diran zazpi pieza moldatu eta bariazino sinfonikoan emoteko.

Itoizen publikoa beti gogoan egindako lana da egileak autortu dauenez eta, esangura horretan, taldearen musikea inspirau eban rockaren estetikea gordetea eta orain 20-30 urteko inozentzia, freskurea ez galtzea izan dira Juan Carlos Perezen ardura nagusiak.

Lan sinfonikoa da, testurik bakoa, jatorrizkoaren gainetik bariatutako musikeak bakarrik gidatua; batzuetan berrasmatua, beste batzuetan lotuago edo libreago, baina beti 70eko hamarkadako rock estetikan sustraitua dagoan musikearen pentsaera musikalari eutsiz. Danetara, ahotsik bako zazpi pieza edo mobimentu dira, taldearen beste horrenbeste kantu abiapuntu dabenak: Ezekiel, Marea gora, Marilyn, Goizeko deiadar, Lo egin. Lau Teilatu, Hegal egiten eta, azkenik, Foisis jauna. Danetara, 40-45 minutu. Ganera, erregalu moduan, 'Zati txiki bat La m'en', Itoizek 1978an argitaratu eban lehenengo diskoko kantua, bis erara abestuko dan pieza bakarra izango dana, Jose Garate, Itoizeko kide ohia eta gaur egun BOSaren kontrabaxu jotzaile finkoa, eta Juan Carlos Perezen ahotsakaz, oskestreak lagundurik.

Ideia orain urte batzuk sortu zan Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Juanjo Mena zuzendariaren eskutik, beti ikusten ebalako erakargarri Itoiz sinfonikoaren proiektua. Ganera, orkestreak Juan Carlos Perezen 'Bizkaieraz' lan sinfonikoa estreinau eban 2007ko urrian eta horrek bidea erraztu eban. Horrezaz gan, ezagunak dira Juan Carlos Perezen Bilbogazko maitasuna eta loturea (Gipuzkoatik Bilbora ikasten etorria, makinatxu bat esperientzia, kontzertu gogoangarriak, berbarako, Itoiz jaio aurretik, Indar Trabes taldeak Bilboko lehenengo Aste Nagusian eskainitakoa...).

Kontuak kontu, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, 'Itoiz suite' obrearen aurkezpen mundiala, datorren abuztuaren 22an izango da Abandoibarran, Bilboko Aste Nagusiaren barruan.

Aurrerago, urtearen amaierarako edo 'Itoiz suite' CD disko formatoan argitaratzeko amesa dago. Estudioko grabazinoa izango da baina Bilboko Aste Nagusiko kontzertuan grabautako irudiak eta erabilteko asmoa dago.


'Itoiz suite'

- Egilea: Juan Carlos Perez.
- Interpreteak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
- Zuzendaria: Iker Sanchez Silva.
- Diseinu grafikoa eta eszenikoa: Jesus Mari Lazkano.
- Produkzinoa: Producciones Serrano.
- Babesleak: BBK, Bilboko Udala eta Euskaltel.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu