'II. Musika Mahastietan' Arabako Errioxan garagarrilean
2009-07-02 18:13 MusikeaEkitaldi honen ezaugarri bereizgarriena hauxe da: kontzertuak eszenatoki naturaletan izango dirala, Arabako Errioxa eskualdean betibe, ilunabarraren (eta batzuetan gauaren) ukutu bereziagaz. Kontzertuetan hainbat musika-estilo nahastauko dira, eskualdearen paisajean txertatuz.
‘Musika mahastietan’ zikloaren bigarren edizinoa garagarrileko hainbat asteburutan izango da, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak antolatu dituan turismo-ekimenen barruan. Eusko Jaurlaritzearen Turismo Sailburuordetzeak oso-osorik finantzietan dauen ekimen honetan musika mota ugari batzen dira, danak be eskualde honetako mahastien paisajeagaz bat eginik. Kontzertu guztiak dobanekoak dira.
Ziklo hau Isabel Muela Lópezek, Eusko Jaurlaritzako Turismo Administrazioko eta Lehiakortasuneko zuzendariak, Alfonso L. González Eguílazek, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilako presidenteak eta María Jaras Románek, Kuadrilako Turismo teknikariak aurkeztu dabe gaur prentsaurrekoan.
Ekitaldi honen ezaugarri bereizgarriena hauxe da: kontzertuak eszenatoki naturaletan izango dirala, Arabako Errioxa eskualdean betibe, ilunabarraren (eta batzuetan gauaren) ukutu bereziagaz. Kontzertuetan hainbat musika-estilo nahastauko dira, eskualdearen paisajean txertatuz; ganera, ezagunak diran tokietatik kanpoko eremuak indartzea da asmoa, besteak beste, ermitak eta eskualdea osotzen daben herrietako gune edegiak.
Igazko udan ekin jakon jarduera honi, eta oso harrera ona izan eban inguruan; beraz, bigarren edizino honetarako kontzertu gehiago antolatu dira. Kontuak kontu, beste gune batzuk be aukeratu dira, esaterako, Salto de Santa Eufemia esaten jakona Moredan; garagarrilaren 4an, gaueko 21:30etan horra hurreratzen diranek Cuarteto de Jazz Latin Friends jazz-laukote gazte eta freskoaren musikaz gozetako aukerea izango dabe. Eszenatokiaren atzealdea oso berezia izango da: mahasti sailak eta kandela apaingarriak, ilunabarreko paisajearen edergarri.
Villabuenan erritmo etnikoak nagusituko dira, Santa Mariaren Ermitan Afrikako jantza eta perkusinoen ikuskizuna izango baita.
Aurtengo barrikuntzetako bat Claudio Recabarren piano-jotzaileak, garagarrilaren 11n, 22:00etan, Navaridasen emongo dauen kontzertua izango da; bertako eleizaren kanpoaldean izango da, kandelen argipean, eta kontzertua amaitutakoan jenteak zerua behatzeko aukerea izango dau, teleskopio espezializatuak jarriko baitira eskura, adituen laguntzinoagaz. Ekitaldi horretarako herri osoko argiak amatau egingo dira.
Garagarrilaren 17an, Orfeo Laukoteak musika klasikoa eskainiko dau Iekorako Berzijanako Andre Mariaren baseleizan, gaueko 21:00etatik aurrera; leku hori ikusgarria da, mahastiz inguratua baitago. Hurrengo egunean, Los Gaiteros del Bajo Aragon taldeko gaitariek Ebro ibaiaren ondoan emongo dabe kontzertua, Lapuebla de Labarcako Poveda parkean.
Azken buruan, garagarrilaren 25ean, 21:30etan, Biribay Jazz Swingers taldeagaz amaituko da zikloa Lantziegon; Mendiko Ama Birjinaren baseleizearen ondoan jazz-ikuskizuna eskainiko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!