Bilboko Kalealdia'09, Kaleko Antzerki eta Arteen X. Jaialdia garagarrilaren 1etik aurrera
2009-06-29 12:33 KultureaUdaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honetako ohitureari jarraituz, emonaldiak Kale Nagusiko oinezko eremuan egingo dira garagarrilaren lehen astean, eta bigarrenean, ikuskizunak Zazpi Kaleetako plazetan antzeztuko dira.
Bilboko X. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak kale-kantoiak eszenatoki bihurtzera ohituta dagozan nazinoarteko artistak batuko ditu aurten be garagarrilaren lehenengo hamabostaldian. Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honetako ohitureari jarraituz, emonaldiak Kale Nagusiko oinezko eremuan egingo dira garagarrilaren lehen astean, eta bigarrenean, ikuskizunak Zazpi Kaleetako plazetan antzeztuko dira.
Asmakizunen Kale Nagusia (Garagarrilak 1 eta 2)
Bilboko X. Kalealdiak, asmatzaile eta zientzilari batzuk omendu nahi ditu. Historian zehar euren jakinmin eta lanagaz mota guztietako tresnak asmatzea lortu dabenak eta denporea igaro ahala, egun, ezinbesteko bitartekoak diran inprenta, telefonoa, erradiografiak edo eta irratia lako tramankuluen asmatzaileak hain zuzen.
Antzezle batzuen eskutik eta ondo zehaztutako atrezzo bati esker, Kale Nagusian hara eta hona dabilzan oinezkoek eguaztena 1 eta eguena 2an denporan atzera egin ahal izango dabe eta Gizadiaren garapenean emon diran unerik funtsezkoenen lekuko izango dira. 1876an, Graham Bellek telefonoz egindako lehen alkarrizketan zer esan eban jakin ahal izango da; edo eta Guglielmo Marconik, zenbat proba egin behar izan zituan haririk bako telegrafiaren eta irratiaren oinarria asmetako 1895ean; edo Marie Curierek, radiaktibidadeagaz egindako lehen saiakerak zelakoak ziran be ezagutu ahal izango dira eta zergaitik topau eban lehen elementu kimikoari Polonioa deitu eutson.
Bilboko Kalealdiaren hasierako ekitaldia, garagarrilaren 1ean, 17:30etan, Plaza Biribilean izango da asmakizun guztiakaz batera. Ordu erdi geroago, seietatik zortzietara errepetiduko dira antzezpen guztiak Plaza Biribiletik Moyua Plaza bitartean.
Bilboko Kalealdiak zientziaren erabilera artistiko bitxia erakutsiko deusku. Holan, Kale Nagusiaren ondoko Jado kalean eta Diputazinoaren ondokoetan, mota guztietako asmakizunak ikusteko aukerea izango da. Hasteko Baltasar Fanjún 'Bonbilen jaunak' Diputazino Jauregian ‘El ballet de la bombillas’ ikuskizuna eskainiko dau. Thomas Alva Edison eta bere asmakizunari eskaintzen deutson omenaldi xume bat da.
Diputazio kalean baita, Oskar australiarrak James Watten baporezko makina eta hortik sortutako lokomotorea ekarriko dau. ‘Viajeros al tren’ fantasiazko eta umorezko ikuskizun bat da, jostailua dan lokomotora bategaz artisteak ikusleari aparteko munduetatik bidaiatzen dauela sinistarazoten deutsona.
Arbieto kalean bestalde, del Thèâtre de la Toupine izango dogu ‘Bestiario alpino’ ikuskizunagaz. Alpeetako animalia tipikoakaz atondutako zaldiko-maldikoan (otsoa, basahuntza, marmota, azeria, arrano baltza) eta elefante eta yetiagaz batera, musikari-antzezle bat arduratuko da umeei jolas honetan jarri eta fantasiazko mundu basatian murgiltzen laguntzen.
Jadon, Ludicart talde frantsesaren eskutik, ‘Tubolófonoak’ eta ‘Soinuzko koadroak’ egongo dira. ‘Tubolófonoak’ zuhaitzen enborrak batzen dituan espiral batzuk dira eta honeek ikusleen ukimenagaz soinuak ataraten ditue. Mobimentu bakoitzak, txalo bakotxak edo hatz puntakaz egindako ukitu bakotxak, soinu desbardinak sortarazoten ditue. Bestetik, ‘Soinuzko koadroek’ bere ondotik pasaukeran erreakzionetan dabe. Mobimentuaren bizkortasunaren arabera (korrika egin ahal da, salto edo koadroaren hormen artean gelditu ahal da) zarata desbardina ataraten dabe. Ludicart taldea orain hogeita hamar urtetik dabil soinua egiten daben instalazino eta eskulturakaz lanean.
Antzerkiaren Zazpi Kaleak
Garagarrilaren bigarren astean, Zazpi Kaleek txandea hartuko deutse Kale Nagusiari eta kale-antzerkiaren egungo egoerea islatzen daben sormenez eta bizitasunez betetako zenbait lanen erakustaldia eskainiko da. Antzezleen jardunagaz batera, musikea, jantzea, zirkuko teknikak eta umore dosi handiz jositako baliabideak erabilten dituen konpainia honeek jentearen arreta, konplizidadea eta alkarlana erakarriko dabe.
Garagarrilaren 7, 8 eta 9an, zortzi antzerki-taldek eskainiko ditue euren emonaldiak Bizkaiko uriburuko alde zaharreko kale eta plazetan, danetara 21 ikuskizun egongo diralarik. Muntaia batzuk auzoko plaza nagusietan (Santiago, Arriaga eta Plaza Barrian) eta era ibiltari batean bertako kale-kantoietan zehar taularatuko dira. Emonaldiak bata bestearen ondoan antolatu dira, eta batzuetan aldi berean eskainiko dira arratsaldeko seietatik gaueko hamarrak arte.
Antzerkiaren Zazpi Kaleen edizino honetan parte hartuko daben euskal konpainien artean, ‘Bilbodanzz action’ eta hortzmuga taldearen 20. urteurrena nabarmenduko dira. ‘Bilbodanzz action’ jaialdiko produkzino propioa da eta Arriagako plazan eskainiko da. Abesti ezagun bat entzuten hasiko da jentearen joan etorriaren artean eta hiru edo lau jantzari jente artean bat gehiago izan diranak, jantzan hasiko dira 60 jantzariraino heldu arte. Taldea handitu ahala ikuslegoak ezin izango dau jakin zein dan antzezle edo momentu horretan bat batean jantzara animetan dan oinezkoa ikuskizunaren parte bilakatuz. Tiki Titá konpainiaren eskutik izango da ikuskizun hau, Itziar Lazkano, Maite Zalduegi eta Gurutze Beitia antzezleek orain sei urte sortutakoa.
Hortzmuga Teatroak bere 20. urteurrena ospatzen dau aurten ‘Olympikas 2012’ antzezlana aurkeztuz. Umorez jositako clown ikuskizun honetan andrazko atleten ordezkaritza batek mundu guztian egin nahi dau kanpaina bat, eretxi publikoa eta hedabideak erakarteko. Helburua milaka sinadura lortzea COIk kontuan har daian hareen eskaerea, Londresen 2012ko Joko Olinpikoetan hareek be parte hartzeko baimena jasotea, hain zuzen. Lortuko ete dabe bilbotarren laguntzarik? Gainera, Catálogo General Aretoan (Santa Maria Kalea), urte honeetan zehar egindako ibilbide artistikoa argazkitan ikusteko aukerea izango da.
Kukai Dantza euskal konpainiak bestalde, ‘Soka’ ikuskizuna eskainiko dau. Euskal Herrian guztiz erroturik dagoan tradizinozko jantza bat da: sokadantzea. Pantxika Telleria koreografoak sortutakoa, bost jantzari eta bi perkusinojolegaz. Bestalde Trapu Zaharrak, ‘¡Vaya ganga!’ aurkeztuko dau, bizitzako egunerokotasuneko zenbait bizipen modu gazi-gozoan erakutsiz, bere ibilbideko 25 urteetan zehar erakutsi dauen moduan.
Nazinoarteko konpainiei jagokenez, Arriaga plazan izango diran ikuskizunak azpimarratu behar dira. Beau Geste konpainia frantsesa, jantzari eta garabi batek protagonizauko dauen ‘Transports exceptionnels’ ikuskizunagaz; eguaztenean, ‘La patriótico interesante’ txiletar ikuskizunak kalean bizitera behartuta dagozan umeen egoera gordinaren inguruan hausnarketa bat egingo dau ‘Kadogo. Niño soldado’ lanagaz; eta azkenik ‘Akoreacro’ frantsesek ekarriko daben ‘PFFFFFF’ akrobazien show bategaz agurtuko gaitue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!