Art After Dark denporaldiko azken saioa Bilbon John Acquaviva musika elektronikoaren aitzindariaren eskutik

Bizkaie! 2009-06-19 12:53   Musikea

Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatzen dauen Art After Dark, erakusketak ikusi bitartean estaduko eta nazinoarteko DJ onenen saioez gozetako aukera eskaintzen dauena, aurrera doa eta gaur, denporaldiko azken saioa izango da.

Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatzen dauen Art After Dark, erakusketak ikusi bitartean estaduko eta nazinoarteko DJ onenen saioez gozetako aukera eskaintzen dauena, aurrera doa eta gaur, denporaldiko azken saioa izango da. John Acquaviva. Kanadako DJa, bi miloe persona baino gehiagorentzat musikea jarri dauena, bagilaren 19an, gaueko 22:00etatik aurrera, jantzan jarriko ditu Guggenheim Bilbao Museora hurreratzen diran bisitariak house, elektro, tekno eta afrofunk musikeagaz.

1980ko hamarkadatik musika elektronikoaren mitotzat eta munduko DJ onenentzat dabe eta Museoaren Atrioan izango da Italiako DJ Remogaz batera musikea jarten.

Artea eta musikea buztartuz, oraingo honetan Museora hurreratzen diranek Cai Guo-Qiang: 'Sinistu nahi dot' erakusketea eta 'Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan' Bilduma Iraunkorreko aurkezpena ikusgai izango ditue.

Kontuak kontu, John Acquaviva Italian jaio zan eta Kanadan hazi. Haren lanbideko aitzindari bat izanagaitik ezaguna da; izan be, 1980ko hamarkadan hasi zan lanean, AEBko klub giroan. 1989an, Richie Hawtin ezagutu eban eta urte baten buruan Plus8 Records (www.m-nus.com) diskoetxea sortu eben, tekno musikearen diskoetxerik onenetako eta ezagunenetako bat. Lagun minak izanik, urte asko emon ditue alkarrekin lanean.

Acquavivaren ibilbidea hogei urteko lan etenbakoa da: egun arte 3.000 saio emon ditu 1.000 klub baino gehiagotan, bi miloe persona baino gehiagoren aurrean eta gainera, 50.000 disko baino gehiagotan esku hartu dau. Ohiko DJa da honako klub hauetan: Sona (Montreal), Nikita eta Spundaes (San Francisco) eta Srammheim (Kassel, Alemania). Horrezaz gan, Espainiako jaialdi entzutetsuetan izan da, Sónar jaialdian eta Benicássimgo FIB-en, adibidez.

John Acquavivagaz batera, DJ Remo Italiako giroko DJ interesgarrienetakoa be Bilbon izango da. Talentu eta karisma handiko artistea da eta haren saioak bikainak izaten dira, energia handia transmitiduten dabe, erraztasun handia dauelako musikea eta entzuleak batzeko.

Museoa zabalik egongo da gaueko 22:00etatik goizaldeko ordu 00:01era. Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat): 12 € Publiko Orokorra eta 8 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru
mugatua.

Honezkero salgai leihatiletan eta www.guggenheim-bibao.es webgunean (ezinbestekoa da Museotik pasetea gau horretarako Fever kluberako sarrerea eskuratzeko).

Art After Dark hurrengo saioa: irailaren 25ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu