Xabier de Felipe biolinista gaztearen aurkezpen Kontzertua asteon Bilbon
2009-05-11 15:04 MusikeaJuventudes Musicales de Bilbao erakundeak antolatuta, Xabier de Felipe bilbotarrak solista moduan egingo dauen lehen Errezitaldia, maiatzaren 13an, arratsaldeko 19:30etan izango da, Sociedad Bilbainako Musika Aretoan (Navarra Kalean) eta Bach, Schumann, Lutoslawski eta Debussyren obrak joko ditu.
Juventudes Musicales de Bilbao erakundeak antolatuta, Xabier de Felipe bilbotarrak solista moduan egingo dauen lehen Errezitaldia, maiatzaren 13an, eguaztenean, arratsaldeko 19:30etan izango da, Sociedad Bilbainako Musika Aretoan (Navarra Kalean) eta Bach, Schumann, Lutoslawski eta Debussyren obrak joko ditu.
Aurkezpen Errezitaldi honetan, Xabier de Felipek Irini Gaitani pianista greko ezagunaren laguntzinoa izango dau.
Xabier de Felipe
Bost urtegaz hasi zan biolina joten, nahiz eta ikasketak 8 urtegaz hasi. Bilboko Koralean, Radu Hamzea errumaniarra izan zan bere lehenengo maisua. Geroago, Leioako Kontserbatorioan, Batxilergo Musikala egin eban, Antonio Mendia irakasleagaz.
Aurten, bagilean, bere biolin karrerea amaituko dau Musikenen, Keiko Wataya irakasle japoniarraren zuzendaritzapean. Pasa dan neguko seihilekoa Frankfurteko Hochschule für Musik ikastegian egin dau, Walter Forchert irakasleagaz; datorren urtean be maisu horregaz jarraituko dau.
Solista moduan jo izan dau askotan, zenbait Gazte Orkestrakaz, tartean, Bilboko Teatro Arriagan, Guggenheim Auditoriumean, Leioako Auditoriumean eta bestelakoetan.
Espainia, Frantzia, Italia eta Alemanian ikastaroak eginak ditu, Keiko Wataya, Aitor Hevia, Ara Malikian, Yuri V. Volgin, Igor Volochine eta Walter Forcher maisuakaz.
Sari garrantzitsuak be irabazi izan ditu, berbarako, 2004ko Euskadiko Ikastetxe-Arteko Jotzaile Gazteen Lehiaketea eta 'Acordes 2007' Txapelketea, 'Kinteto Musikene' taldeko biolinista moduan (Espainiako Goi Mailako Kontserbatorio-Arteko Ganbara-Musika Sari garrantzitsuena).
Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz be debutau dau, biolin laguntzaile moduan.
EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestrako Kontzertino ohia be izan da eta orkestra honegaz, Txinan zeharreko biran be parte hartu eban.
Schleswig-Holstein, Gazte Orkestra Internazionaleko partaidea da 2007-2008 denporalditik; honegaz, Alemania, Errusia, Armenia, Lituania, Brasil eta Hungrian jo izan dau, Christoph Eschenbach, Iván Fischer, Zoltán Kocsis eta Christopher Hogwoodek zuzendurik.
Urte horretatik gora, eta gaur arte, Sinfonietta Musikene eta Musikene Orkestra Sinfonikoko Kontzertinoa da. Bakarlari moduan, Stradivarius Rode biolinaz jo izan dau.
2008an, Bizkaiko Aldundiaren bekea jaso eban Université Musicale Internationale Hourtin Médoc ospetsuan parte hartzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!