Muted taldeak ez dau metala ahaztu hirugarren diskoan: 'Inox'

Bizkaie! 2009-05-08 15:42   Musikea

Orain dala sei urte Abadiñon sortutako taldeak Inox izeneko hirugarren diskoa kaleratu dau Muted-ek Baga-biga diskoetxearen eskutik. Metal estiloari melodia ganeratu eta erabateko indarra emoten deutse kantei, rap-ikutu eta, tartean, pop kutsuagaz be bai, jantzarako estiloak be nahastauta. 'Ahots melodikoei garrantzi handiagoa emotea erabagi dogu', dinoe taldekideek.

Orain dala sei urte Abadiñon sortutako taldeak Inox izeneko hirugarren diskoa kaleratu dau Baga-biga diskoetxearen eskutik. Bilbon egindako prentsaurrekoan, Edu gitarrea eta Eneko ahotsa egon dira. Baina Muted taldeak beste hainbat kide ditu: Tito bajua, Christophe programazinoen arduraduna, Dani gitarrea eta Ruben bateria. Aurreko diskoagaz alderatuta, beraz, aldaketa batzuk izan dira: lehen, bi abeslari egozan eta, horreetariko batek, Aitzolek, taldea itxi eta Eneko geratu da mikroaren ardureagaz. Bestalde, Ander Shinovak Tito bajuari itxi deutso bere lekua.

Halan da be, formazino-aldaketak egon arren, estiloan ez da lar aldatu Muted. Oraindino be, metala egiten jarraitzen dau eta, tartean, ikutu desbardinak buztartzen ditue, gero eta ezaugarri gehiago, gero eta berezitasun gehiago. Metal horri melodia ganeratu eta erabateko indarra emoten deutse kantei, rap-ikutu eta, tartean, pop kutsuagaz be bai, jantzarako estiloak be nahastauta. 'Ahots melodikoei garrantzi handiagoa emotea erabagi dogu', dinoe taldekideek.

Aitatzekoa da diskoaren diseinua, azalari metalezko kutxa bat jarri deutse eta, 'hiltzear dagoan CDari ohore egiteko eta, esan daiteke, disko hau bildumagileei zuzendutako pieza bat dala'.

'Inox' diskoa 2009ko martian eta apirilean grabau da Lorentzo Records estudioan, Berrizen. Produkzino-lanak taldeak berak eta Carlos Escobedok egin ditue. Grabazinoa Aitor Ariñoren esku egon da eta nahasketak eta masterizazinoa Alberto Searak egin ditu Madrileko Cube estudioan. Tartean, kolaborazino bat be izan dau taldeak, 'Beste aldean' izeneko kantan Patxi Azurmendik joten baitau bibolina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu