Emakumeen musikagintzea hurreratuko dau Getxora IX. Emakumeak Musikan jaialdiak
2009-05-08 11:50 MusikeaEmakumeak Musikan jaialdiaren bederatzigarren edizinoa gaur, hilak 8, hasiko da Getxon (Bizkaia). Emakumeen musikagintzea bultzatzea helburu dauen ekimenak hiru saio eskainiko ditu domekara arte Areetako Andres Isasi musika eskolan. Kontzertuetan hainbat estilo eta garaitako piezak entzun ahal izango dira, guztiak emakumek idatzitakoak.
Emakumeak Musikan jaialdiaren bederatzigarren edizinoa gaur, hilak 8, hasiko da Getxon (Bizkaia). Emakumeen musikagintzea bultzatzea helburu dauen ekimenak hiru saio eskainiko ditu domekara arte Areetako Andres Isasi musika eskolan. Kontzertuetan hainbat estilo eta garaitako piezak entzun ahal izango dira, guztiak emakumek idatzitakoak, eta gainera, Maria Luisa Ozaita pianista eta konpositoreari omenaldia egingo jako, bere 70. urtebetetzea dala eta.
Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazo dabenez, gaurko eta zapatuko saioak 20:00etan hasiko dira eta domekan, barriz, 19:00etan. Kontzertuetarako konbidapenak dobakoak dira eta Algortako Kultur Etxean (Villamonten) eta Andres Isasi musika eskolan jaso daitekez. Zikloa Emakumeak Musikan alkarteak eta Getxoko Kultur Etxean antolatu dabe.
Gaurko saioan Arrate Monasteriok eta Omar Sanchezek osotutako Divertimenti piano bikoteak joko dau. Garai desbardinetako piezak joko ditue, lau eskutarako pianorako lehenengo lanetan hasita eta Mel Bonis, Cecile Chaminade eta Maria Luisa Ozaita konpositoreen piano-bikoterako distira sinfonikoan amaituz.
Zapatuan, hilaren 9an, David Gordo akordeoi-jole gaztearen txandea izango da Getxon. Bere saioan kontraste estetikoz jositako musikea izango da protagonista, hainbat estiloko piezak joko ditu eta, horreek guztiak apenas orain dala 20 urte idatzitakoak. Holan, bada, zaleek Sofia Gubaidulina, Cruz Lopez de Rego edo Zuriñe Fernandez Guerenabarrena musikagileen lanak entzun ahal izango ditue, Diana Perez Custodioren 'Cancion dormida' piezaren estreinaldiagaz batera.
Azkenik, jaialdia domekan amaituko da, Maria Jose Sanchez sopranoaren eta Sebastian Marine piano-jotzailearen emonaldiagaz. Getxora dator barriro be bikotea, erromantizismo alemaneko bi musikagile handiri eskainitako egitarauagaz, Clara Schumann eta Fanny Mendelssohnri, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!