Paquito D'Rivera, Chano Domínguez eta Michel Camilo izango dira, besteak beste, aurtengo Getxoko Jazzaldian

Bizkaie! 2009-04-23 11:55   Musikea

33. Getxo Jazzeko kontzertu nagusiak Paquito D'Rivera, Chano Domínguez, Michel Camilo, Spyro Gyra, Diane Schuur eta Omar Sosa musikari eta talde handiek eskainiko ditue. Talde Lehiaketako 'Hirugarren Milurtekoa' atalaren eta Dixie Gunearen kontzertuak gehitu behar jakez horreei.

Garagarrilaren 1etik 5era izango dan Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiaren egitaraua finkatuta dago honezkero. 33. Getxo Jazzeko kontzertu nagusiak Paquito D'Rivera, Chano Domínguez, Michel Camilo, Spyro Gyra, Diane Schuur eta Omar Sosa musikari eta talde handiek eskainiko ditue. Talde Lehiaketako 'Hirugarren Milurtekoa' atalaren eta Dixie Gunearen kontzertuak gehitu behar jakez horreei. Danetara 20 saio egongo dira, jaialdiko egun bakotxaren amaieran egiten diran jam session-ak ahaztu barik. Aurten be, Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta Talde Lehiaketaren saioak, 21:30etik aurrera. Bestalde, Getxo Antzokia 'Hirugarren Milurtekoa'ren eszenatokia izango da eta Dixie Gunea Algortako Geltokia plazan kokatuko da. Getxo Jazz 2009ko sarrerak maiatzaren 4tik aurrera egongo dira salgai.

Jaialdiaren lehenengo egunean, Diane Schuur (1953, Seattle) abeslari eta piano-jolea egongo da Getxon. 'Jazzaren lehen andrea' dalakoa itsua da eta hainbat estilotan landu eban bere ahotsa Washingtoneko Itsuentzako Musika Eskola ospetsuan. Stan Getz artista famatuak Etxe Zuriko talentu barrientzako musika-ekimenerako batu eban eta ordutik hona ohiko agertoki bihurtu da presidentearen egoitza Schuurrentzat. 1986. urtean ospe handia lortu eban lehenengoz 'Timeless' diskoagaz eta Grammy sari bat irabazi eban. Hurrengo urtean beste bat lortu eban, Count Basie Orchestra-gaz grabautako lanaren eskutik. Azken lana 'Some Other Time' du, bere amaren omenez grabautako diskoa, hain zuzen be.

Biharamunean, hilak 2, eguenean, Omar Sosa (1965, Camagüey, Kuba) egongo da Afreecanos Quartet taldearen buruan. Musikari kubatarra musikearen hainbat arlotan trebea da: musikagilea, produktorea, perkusino-jolea eta zenbait taldeko liderra. Bere latin jazzeko erritmoetan munduko musiken hainbat doinu buztartzen ditu egungo musika elektronikoagaz eta bere afrikar eta kubatar sustraien eraginakaz kale-musika freskoa eta originala lortze aldera. Sosak 17 disko grabau ditu eta beste 10 lanetan parte hartu dau kolaboratzaile legez. Bere jardueran, Grammy Sarietan izentau izan dabe hainbatetan.

Jaialdiaren erdibidean, barikuan, hilak 3, Michel Camiloren (1965, Santo Domingo, Dominikar Errep.) eguna izango da. Musikaria 2002an urtean jardun zan Getxon, arrakasta handia lortuta eta barriro be dator jaialdi getxotarrera. Teknika handiko piano-jole eta musikagile ospetsua, Erritmo latinonen eragina nabarmena da bere musikan. Jaioterrian ekin eutson musikeari eta, 1979tik aurrera, New Yorken osotu eban bere heziketea Juilliard eta Mannes eskola ezagunetan. Ordutik hona, artisteak leku bikaina lortu dau jazzaren panoraman, ospe handiko sariak lortu ditu -Grammya, berbarako- eta hainbat estilotako artistakaz batera jo dau.

Garagarrilaren 4an, zapatua, Spyro Gyra egongo da Getxon. Jazz-fusino banda hori 70eko hamarkadako hasieran sortu zan Buffalon, New Yorken, 25 disko baino gehiago grabau ditu eta 10 miloe kopia saldu ditu. Jazzaren talderik emonkorrenetariko bat da eta arrakasta komertzial handia lortu dau. Besteak beste, rhyth&blues, funk eta pop doinuak buztartzen ditu jazzagaz eta bere abesti arrakastatsuenen artean 'Shaker Song' eta 'Morning Dance' dagoz. Garrantzi handiko abestiak dira herri-jazzaren arloan eta, 30 urte baino gehiago izan arren, oraindino sarritan entzuten dira.


Azken eguna

Getxo Jazzek 2010era arte agur esango deutse domekan, garagarrilak 5, entzuleei, egundoko bikote baten eskutik: Paquito D'Rivera eta Chano Domínguez. D'Rivera (1948, Marianao) saxo-jole, klarinete-jole eta musikagile kubatarra, jazz latinoaren estiloko musikaririk handienetako bat da. 1965. urtean musikari birtuosoa zan; Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalean egin eban debuta eta, urte horretan, Orquesta Cubana de Música Moderna taldea eratu eban Chucho Valdés piano-joleagaz. Ondoren, beste artista ezagun batzukaz, Irakere taldea sortu eban, Kubako musikearen mito bat. Bere herria itxi eta Estadu Batuetara alde egin eban. Ordutik, bere jarduereak gora egin dau eta horren erakusle dira lortu dituan Grammy sariak. Chano Domínguez (1940, Cádiz) flamenko-jazzaren artista handien artean dago. Piano-joleak estilo horren palo guztiak jorratzen ditu, beti be jazz egiturak mantenduta.


Agertokiak

Urtero legez, jaialdiak lau kontzertu mueta izango ditu. Biotz Alai plazan taldeen lehiaketako emonaldiak egingo dira, 21:30ean. Ondoren, egun bakotxeko talde eta musikari nagusiek urtengo dabe agertokian. Bestalde, 'Hirugarren Milurtekoa Ataleko' kontzertuak Getxo Antzokiko plazan egingo dira. Bertan, jazz talde gazteek euren freskotasuna erakutsiko dabe. Azkenik, Algortako Geltokia plazan Dixie Gunearen saioak izango dira egunero, 18:00etan. Algortako Piper's Irish Pub-ean be ekitaldi bereziak egingo dira eta, beraz, bost egunez, jazzaren soinuek Bizkaiko herri honetako kaleak beteko ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu