Leonard Cohenek Barakaldoko BECen abestuko dau irailaren 17an
2009-04-03 10:57 MusikeaLeonard Cohen kantautore, poeta, idazle eta pintore kanadarrak kontzertua eskainiko dau irailaren 17an Barakaldoko BEC erakustazokan. Sarrerak apirilaren amaieran jarriko dira salgai.
Leonard Cohen kantautore, poeta, idazle eta pintore kanadarrak kontzertua eskainiko dau irailaren 17an Barakaldoko BEC erakustazokan. Sarrerak apirilaren amaieran jarriko dira salgai, eta laster jakinarazoko dira ganerako zehetasunak, hau da, data zehatza eta salneurria zeintzuk izango diran.
Lau hamarkadatan zehar, Cohen eragin handieneko konpositoreetako bat izan da, 'Songs of Leonard Cohen' (1967), 'Songs of Love and Hate' (1970) edo 'I'm Your Man' (1990) lako diskoei eta 'First we take Manhattan', 'Hallelujah' edo 'Suzanne' abesti ezagunei esker.
Artista kanadarra 2008an itzuli zan agertokietara, eta hiru orduko iraupena izatera arte heldu ziran 84 kontzertu emon zituan munduan zehar, 700.000tik gora lagun batuz. 'Live in London' CD eta DVD bikotxa da bere azken diskoa, eta Londreseko 02 Arena pabiloian emondako kontzertua jasoten dau zuzenean; bertan, bere 40 urteko ibilbidea berrikusten dau Cohenek.
Bost urte (1994-1999) Kaliforniako (AEB) Mount Baldy Zen Center monasterioan igaro zituan kantautore kanadarrak, eta 2005ean erretirorako gordeta zituan bost miloe dolarreko iruzurra egin eutson Kelley Lynch agente ohiak eta noizbehinkako maitaleak, bankuan 150.000 dolar bakarrik itxita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!