Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau Zirkuituak Bilbon
2009-03-26 11:58 KultureaAugusto Boal brasildarrak idatzitako manifestuan, egunerokotasunean antzerkiak dauen lekuaz hausnartzen dau, goizeko kafe orduko momentutik hasi eta Senatuko saioetaraino, eta zer esanik ez batzuen aurrezpenetatik 'fikzino hutsa bilakatu dan' diruaren 'antzezpen txarraren enreduetaraino' doan krisian.
Bihar barikua, martiak 27, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko da Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak, antzerki amateurrari eskaintzen deutson Zirkuitua programearen bitartez dakarzkuzan bi proposamenakaz. Honenbestez, Totum konpainiaren eskutik San Frantziskoko Udaltegian 'En petit comité' obra antzeztuko da (19:30etan) eta ondoren Arte Berreginen Museoan, ekitaldi bat egongo da (20:30etan). Bertan Nazinoarteko Mezua irakurriko da eta 'El pincel flamenco' musikea eta bodypaintinga (gorputz biluzien gaineko pinturea) buztartzen dituan ikuskizuna taularatuko da. Bi kasuetan dobakoa da sarrerea baina konbidapenak aurrez jaso beharko dira udaltegian edo Museoan.
Antzerkiaren Nazinoarteko Egunak Bilbo Zaharrera, Iturribideko Totum taldearen ‘En petit comité’ antzezlana daroa San Frantziskoko udaltegian egingo dauen lehenengo geldiadiagaz. Antzezlanean, modeari buruz edo edertzeko tratamenduak lako gaien inguruan berba egiteko batzen diran lagun taldearen bitartez, emakumeak euren burua zelan ikusten daben erakusten da, zein modutan ikusiak izan nahi diran eta zelan ikusten dituen ganerakoek. Luz Mundiñano, Carmen Pérez, Eli Marañón, Pepi Martín, Mari Carmen Villegas eta Mari Carmen Martínez dira antzezleak, María Urzelairen zuzendaritzapean.
Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren jaiak ordubete geroago (20:30) izango dau jarraipena Berreginen Museoan; bertan, gorputz biluzien gaineko pinturea eta flamenkoa buztartuko dira; jantzea, pinturea eta erritmo andaluziarrak batuko dituan ikuskizun barria. Maya Bodí marrazkilariak, Allaitz Barrenetxearen gorputz biluzian, Gaizka Baena kitarrajoleak, Jose Llorachen kajoiak, Kevin Hoang bibolinjoleak eta Nuria Monterok eta Eduardo Floridok interpretauko daben musikearen inspirazinoagaz sortutako emozinoak marraztuko ditu ‘Pincel flamenko’ ikuskizunean.
‘Pincel flamenko’ ikuskizun honen atsedenaldian, 21:00ak inguruan, munduko ganerako antzezlekuetan bezela, antzezleak, eta publikoak bat egingo dabe Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren mezuaren irakurketeagaz. Augusto Boal antzerkigile eta zuzendari brasildarrak idatzitako manifestuan, egunerokotasunean antzerkiak dauen lekuaz hausnartzen dau, goizeko kafe orduko momentutik hasi eta Senatuko saioetaraino, eta zer esanik ez batzuen aurrezpenetatik 'fikzino hutsa bilakatu dan' diruaren 'antzezpen txarraren enreduetaraino' doan krisian. 'Guztiok gara antzezleak' dino Boalen manifestuak eta gizarte eredua eraldatzeko lanetan guztion ahalegina behar dala esanez amaitzen dau manifestua.
Hamabost minutu inguruko manifestuaren irakurketa hau, Itziar Lazkano (‘Vaya semanita’ taldeko, portugaleteko antzezlea) eta Justi Larrinaga bermeotarraren eskutik izango da (‘El cartero de Neruda’ edo Zirkuitua programeari hasierea emon eutson ‘La más fuerte’ August Strindberg-en antzerkiko partaidea).
Zirkuitua da Euskadin Arte Eszenikoen alorrean dagoan zirkuitu amateur bakarra. Ganera, ekimen hau 2001ean hasi zanetik, 18.000tik gora parte-hartzaile eta 175 ikuskizun inguru egon dira. 2009ko edizinoan, 25 konpainia amateur aurkeztu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!