Bill Lyerly musikari amerikarrak Euskal Herrian kokatzea erabagi dau
2009-03-10 09:48 MusikeaBill Lyerlyk musikan daroazan 30 urteak beteten diranean, gure herriagaz maiteminduta Iruñean finkatu dau bizitokia eta disko barria kaleratuko dau martiaren 17an, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.
Ipar Carolinan (AEB) sortua da eta hiru hamarkada luze daroaz musika munduan. Bere ibilbidean eszenatokiak eta kolaborazinoak konpartidu ditu musikari askogaz ( Bo Diddley, John Lee Hooker, Steve Earle, Levon Helm, George Jones, Ernest Tubb, Paul Rodgers, Gregg Allman, Fabulous Thunderbirds...) eta musikan daroazan 30 urteak beteten diranean, gure herriagaz maiteminduta Iruñean finkatu dau bizitokia eta disko barria kaleratuko dau.
Gitarra jotzaile, abeslari/konpositore eta tekla jotzaile amerikar handi honek oso harrera ona izan dau bere blues alternatiboa entzun ahal izan dabenen artean. Estadu Batuetan grabautako eta Londresko AbbeyRoad estudioan masterizautako abestiek osotzen dabe bere album barria, blues onenagaz osotutako bildumea. Horreen artean aitagarria da lagun dauen Steve Earlegaz egindakoa. Bere disko guztietan bezela, 'Too Hurt To Cry' lanak Amerikako bluesaren eta roots musikearen aurrean artista honek dauen ikuspegi guztiz berezia eskaintzen dau. Bill Lyerlyren disko barria martiaren 17an izango da kalean Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.
Hamaika urte zituanean hasi zan musikagintzan Lyerly, Bretainiatik tropelka heltzen ziran blues hotsek erakarrita. Ordutik aurrera hainbat taldetan joten hasi zan, eta 1975ean Super Grit Cowboy Band taldea sortu eban beste batzuekaz batera. Modu honetan deskribidu eban Village Voice agerkariak talde hau: 'Estadu Batuetako hegoaldeko honky tonkers onenak'. 1980an Lyerlyk RCA diskoetxeagaz hitzarmen bat izenpetu eban Nashvillen eta haren musika album eta CDetan argitaratzen hasi zan: 'Prodigal Son', 'Higher Ground', 'From the Old School', 'Railroad Station Blues', 'Cobalt Blues', 'Motel Room Blues', 'Réquiem Mess' eta 'The Twang Years'. 1999 eta 2000 bitartean Lyerlyk bost izendapen lortu zituan CAMMY sarietan (Ekialdeko Kostaldeko R&B musika estiloan emoten dan sari garrantzitsua) eta 2000. urtean, 'Artista Barri Onena' saria irabazi eban. Bo Diddleygaz eta John Lee Hookerregaz ez eze, rock-blues munduan maisu handi diranakaz be jo izan dau Bill Lyerlyk, besteak beste, Paul Rodgers, Gregg Allman, Leon Russell, Hank Ballard, Eric Burdon, The Fabulous Thunderbirds eta Delbert McClintonegaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!