Azken urtean, % 10 gehitu da Bilboko udal liburutegietarako erabiltzaile-txartelen kopurua
2009-02-20 14:49Udal liburutegietako zerbitzu guztiak erabilteko aukerea emoten daben identifikazino-agirietan, esaterako, hazkunde nabarmena izan zan 2008an, % 10,3koa hain zuzen eta, gaur egun, 78.000 erabiltzaile-txartel baino gehiago dagoz. Bilbotarren artean bostetik batek udal liburuetarako erabiltzaile-txartela dauka.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko udal liburutegiak egunez egun gero eta eskari handiagoko eta gero eta erabilpen maila handiagoko zerbitzua dira, eta esangura horretan, igazko jarduereari jagokozan kopuruek oso emoitza onak azaldu ditue adierazlerik garrantzitsuenetan, bisitei buruzko estadistikak, eta kontsulta, mailegu eta erabiltzaile-txartelen banaketeari buruzko estadistikak be tarteko dirala.
Udal liburutegietako zerbitzu guztiak erabilteko aukerea emoten daben identifikazino-agirietan, esaterako, hazkunde nabarmena izan zan 2008an, % 10,3koa hain zuzen eta, gaur egun, 78.000 erabiltzaile-txartel baino gehiago dagoz. Bilbotarren artean bostetik batek udal liburuetarako erabiltzaile-txartela dauka.
Bisita kopurua (677.000) % 2 gehitu da. Kontsultei dagokienez, izugarri hazi dira bibliografia-katalogoari egindakoak % 168; aldi berean, % 20 gehitu dira udal webgunearen bidez (www.bilbao.net/bibliotecas) egindako kontsultak.
Liburuen eta beste kultur-euskarri batzuen etxez etxeko mailegua be nabarmen hazi zan 2008an, % 12,6 hain zuzen, eta gainera, hazkunde hori udal liburutegi sarea osotzen daben 13 liburutegietan gertatu zan. Bestalde, instalazino horreetan antolatutako kultur jardueretako partaidetzeak (hitzaldiak, erakusketak, aurkezpenak..) % 11 inguruko gehikuntzea izan eban.
Teknologia barrien erabilera gero eta handiagoa da azpimarratzeko beste datu bat, bai jenteak erabilteko moduan jarritako ordenagailuen bitartez (% 5,4 gehaigo), bai eta liburutegi batzuetan Interneten sartzeko jarritako hari bako eta dobako konekzinoak erabiliz be. Azken honeen erabilereak % 158ko hazkundea izan dau. Horrezaz gan, teknologia barrien erabilereak San Frantziskoko liburutegian mundu osoko 180 egunkari doban kontsultetako zerbitzua abian jartea erraztu dau.
Datuen azterketearen haritik, 2008an gehien eskatu ziran liburuen zerrendea osotu ahal izan da. Helduentzako literaturan, zerrendako lehenengoa 'Mil soles espléndidos' eleberria da, 'Cometas en el cielo' lanagaz nazinoarteko ospea lortu eban Khaled Hosseini idazle afganiarraren bigarren nobelea. 'El niño del pijama a rayas' (John Boyne), 'La bodega' (Noah Gordon), 'La elegancia del erizo' (Muriel Barbery) eta 'La ladrona de libros' (Markus Zusak) dira bost liburu eskatuenen zerrendako ganerako liburuak.
Haur literaturan, bi euskal liburu ('Bubuk ez du lorik egin nahi', Cyril Hahn-ena, eta 'Lotarako Disney istorioak') dira zerrendaren goiko aldean agiri diranak; jarraian, 'Harry Potter y las reliquias de la muerte' eta Disney faktoriaren beste produktu bat, 'Cars' filmaren moldaketea.
Liburuekaz batera, udal liburutegiek musika-grabazinoak eta filmak lako kultur-euskarriak jarri ohi ditu jentearen esku. Lehenengoen artean, Amy Winehouse eta 'Back to black' kantua dira zerrendako lehenengoak, eta ondorengo postuetan honakoak agiri dira, Manu Chaho ('La radiolina'), Bruce Springsteen ('Magic'), Barbra Streisanden zuzeneko kontzertua batzen dauen 'Live 2006' diskoa, eta Springsteenek Dublinen emondako kontzertuarena. Film eskatuenen zerrendan, Spike Leeren 'Plan oculto' da lehenengoa, eta jarraian 'Harry Potter y el cáliz de fuego', 'V de vendetta', 'Diamante de sangre' eta 'Princesas' izenburuko produkzino espainiarra dagoz.
Bilboko udal azpiegiturea liburutegi nagusiak (Bidebarrieta), barruti mailako bi liburutegik (Deustu eta Begoña) eta auzo mailako bederatzi liburutegik (San Inazio, Zurbaran, Otxarkoaga, San Frantzisko, San Adrian, Irala, Errekalde, Zabala eta Zorrotza) osotzen dabe, baita BilbaoMusikaren menpeko liburutegiak, Buiako zerbitzu-guneak eta Garellanoko liburu-gordailu nagusiak. Sare honen barruan, auzo mailako beste liburutegi bat zabalduko da laster Castañoseko auzo-etxe barrian.
Danetara, 57 lagun arduratzen dira liburutegi-sare zabal honegaz zerikusia daben zerbitzu guztiez. Liburuetarako apalategiek 11 kilometro lineal daukiez, eta horreetan 360.000 liburuki baino gehiago gordeta dagoz, bat biztanle bakotxeko. Instalazinoek 5.500 metro koadroko azalerea dabe, irakurteko 880 leku dagoz eta ehun bat ordenagailu erabiltzaileen zerbitzurako.
Liburuak erosteko aurrekontua ia % 6 hazi zan bibliografia-funtsetarako, eta % 8 baino apur bat gehiago harpidetzetarako. Ondorioz, 20.476 argitalpen barri erosi dira. Eusko Jaurlaritzeak, Kultura Ministerioak eta partikularrek egindako dohaintzek be funtsak handitzen lagundu dabe. Gainera, erosketa horreetako asko udal liburutegi sareko zerbitzuak erabilten dituenen iradokizunei jarraituz egin dira.
Fondo bibliografiko gehienak (% 85) 14 urtetik gorako personei zuzendutakoak dira. Gaien arabera, % 38 literatura alorrekoak dira, % 51 humanidadeen esparrukoak eta % 11 zientzietakoak. Liburuen hizkuntzeari jagokonez, gaztelania da nagusi (% 76), eta jarraian euskerea (% 13) eta ingelesa (% 4) dagoz. Oro har, bildumea oso eguneratuta dago, liburuen % 64 baino gehiago 10 urtetik beherakoak dira eta.
Ondokoak dira Bilboko udal liburutegiek eskaintzen dituen zerbitzu osogarrietako batzuk: etxez etxeko maileguak (sareko edozein zentrutan entregetako aukereagaz), katalogo automatizatua edo Internet bidezko kontsultak, informazino eta aholkularitza, baliabide informatiko eta telematikoen erabilerea, erreprografia eta kultura eta irakurketa sustatzeko ekitaldiak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!