XXI. Bilbo Hiria Lehiaketeak gauza barri ugari dakarz

Bizkaie! 2008-11-28 15:43   Musikea

Aurten gauza barri asko dakarz 'Bilbao Hiria' pop-rock lehiaketeak. Parte hartu nahi daben pop-rock, metal edo joera barrietako taldeek abenduaren 31 baino lehen egin beharko dabe inskripzinoa. Horretarako, hiru kantu bialdu beharko ditue argazkiagaz eta curriculumagaz batera, ondoko helbidera: www.bilbao.net/bilborock.

Aurten gauza barri asko dakarz 'Bilbao Hiria' pop-rock lehiaketeak. Parte hartu nahi daben pop-rock, metal edo joera barrietako taldeek abenduaren 31 baino lehen egin beharko dabe inskripzinoa. Horretarako, hiru kantu bialdu beharko ditue argazkiagaz eta curriculumagaz batera, web bidez.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kiroleko zinegotziaren hitzetan: '18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat izango da lehiaketea. Gazteria Saila garen aldetik, lehiaketea gazteentzat eta ezagutzen ez doguna azaleratzea, agirian ixtea da gure asmoa. Web bidez egin beharko da inskripzinoa eta kantuak mp3 formatuan bialdu. Lehiaketea teknologia barrietara egokitu da'. Bilboko eta Bizkaiko talde barrientzat, gainera, erakargarriagoa izango da.


Kontzertu gehiago

Sari barriak be izango dira edizino honetan: 'Aste Nagusia' saria Bilboko eta Bizkaiko rock-talderik onenentzat, 2009ko Aste Nagusiko bertako rockaren programan joteko aukerea.

Jenteak 'Zuzenean' sari barria emongo dau, Bilborocken zuzenean jotea ahalbidetuko dauen saria. Gainera, 'Bilbao Hiria' Bilboko eta Euskadiko talderik onenarentzat. Honeek CD bat grabau eta zuzeneko kontzertua eskainiko dabe. Sari barri honeekaz batera, Azkena Rock Festival sariak be nabarmendu behar da, Euskal Herriko talderik onenarentzat. Irabazleak zuzenean joko dau aitatu jaialdian datorren udan.

'Hasten ari diran taldeei eta gazteei eszenatokiak edegitea da Gazteria Sailak lortu nahi dauena. Horretarako Talde Barrien Lehiaketea jarri dogu abian Gazteria Sailetik. Irabazleek 'Bilbao Hiria' lehiaketan joko dabe eta holan gazteei eszenatokiak eskainiko deutseguz' dino Sustatxak.


Gazteen parte-hartzea

Epaimahaia lehiaketako modalidadeetako adituak diran musika-munduko lagunek osotzen dabe. Aurten, lehenengo aldiz, gazteek osotutako epaimahaiaren laguntza eta kontzertuetara bertaratutako entzuleen botoa izango dabe.

'Gazteen epaimahaia musika munduan dabiltzan eta Gazteria Sailak antolatzen dituan programa eta ekimenetan parte hartzen daben gazteek osotuko dabe. Hori Bilboko gazteen partaidetzea sustatzeko neurri bezela' dino Sustatxak.

Entzuleen botoa be barria da. Kontzertura doazenei inprimaki bat emongo jake joko daben taldeak egongo dira inprimakian eta botoa emongo dabe Bilborocken bertan. Kontzertu guztietako botoak zenbatu eta puntuazinorik handiena lortu dauen taldeak puntu bat gehiago eukiko dau epaimahaiak emondako puntuazinoari gehitzeko.

Kontuak kontu, Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketeak talde askori lagundu deutse jentearen artean ezagunak izateko. Hona hemen izen batzuk: Platero y Tú, El Mentón de Fogarty eta Sidonie; metal-taldetan Su ta Gar, Tierra Santa, Ebony Ark eta joera barrietan Ortophonk edo Moromark.


'Bilbao Hiria' Pop-Rock Lehiaketearen faseak

- Inskripzino-fasea. Parte hartu nahi daben taldeek abenduaren 31 baino lehenago izena emon beharko dabe web orri honetan: www.bilbao.net/bilborock. Jatorrizko hiru kanta aurkeztu beharko ditue mp3 formatoan. Europako edozein taldek parte har leike; disko-etxe bategaz daben kontratuaren bidez gehienez disko bat kaleratu badabe eta lehiaketako edizinoren batean lehenengo saririk edo akzesit bat be irabazi ez badabe.

- Epaimahaian 16 kide dagoz, musika-munduari lotu-lotuak. Lanak entzunda, 38 talde aukeratuko ditue lehiaketarako. 2008ko edizinoan 1.115 maketa aurkeztu zituen.

- Lehiaketa-fasea. 2009ko martitik maiatzera bitartean aukeratutako eta konbidautako taldeek zuzenean joko dabe BilboRock-La Merced aretoan. Sarrerea dobakoa da. 38 talde horreetatik: 23 pop-rock taldeak izango dira, 9 metal-taldeak eta 6 joera barrietakoak. Gainera, Bizkaiko lau talderi eta Bilboko beste lauri konbidapena egingo jake joteko. Bilbao. Gauaren Talde Barrien Lehiaketea irabazi dabenek be parte hartuko dabe fase honetan. Emonaldiak lehiaketearen web ofizialean eskegiko dira: www.bilbao.net/bilborock.

Finalak. Metal eta pop-rock modalidadeetako talderik onenek azken kontzertuetan joko dabe bagilaren 3an eta 4an. Horren ondoren epaimahaiak emongo dau ezagutzera zeintzuk diran irabazleak modalidade guztietan.


Sariak

Dirutan 32.000 euro banatuko dira eta, horrezaz gan, CD bi grabauko dira, musika-tresnak banatuko dira eta taldeek Bilborocken, Aste Nagusian eta Azkena Rock jaialdian zuzenean joteko aukerea izango dabe. Horrezaz gan, zenbait musika-tresna be emongo jakez.

Bilbao Hirian ondokoak dira sariak:


• Pop Rocka: lehen saria 6.000 euro; bigarrena, 4.000 euro; hirugarrena, 3.000 euro; laugarrena, 2.000 euro; eta bosgarren saria, 1.000 euro.
• Metala: lehen saria 6.000 euro; bigarrena, 4.000 euro; eta hirugarrena, 2.000 euro.
• Joera barriak: sari bakarra, 4.000 euro.

Dirutan emondako sariez gan, CD bana grabetako sari bi be badira:
- 'Bilbao Hiria' saria Bilboko talderik onenarentzat.
- 'Bilbao Hiria' saria Euskal Herriko talderik onenarentzat.

Aurten zuzeneko kontzertuak indartuko dira. Holan bada, Bilborock aretoan jentearen saria irabazi dabenek eta Bilboko eta Euskal Herriko talderik onenentzako sariak irabazi dituenek joko dabe zuzenean. 2009an, Aste Nagusia saria jasoko dabe Bilboko eta Bizkaiko talderik onenek eta Azkena Rock Festival 09 jaialdian sari hau irabazten dauen taldeak joko dau.

Babesleek be musika-munduko zenbait material emoten dabe taldeak saritzeko:

- 'Sonor' saria kantari onenarentzat: mikrofono-ekipo hari bakoa.
- 'Arise Instruments' saria bateria-jole onenarentzat: Mapex edo Pearl bateri-kaxa.
- 'Epiphone' saria Pop-rockeko eta metaleko gitarra-jole eta baxu-jole onenentzat: gitarrak eta baxuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu