'Kiribil', Zura taldearen lan barria plazan
2008-11-11 11:50 Musikea'Kiribil' Bidasoaldeko Zura taldearen bigarren diskoa da, euskeraz egindako bossanova diskoa, hain zuzen be. Bertan, iturri desbardinetatik edaten dauen bossanova barritzailea topauko dogu: rocka eta funkaren tradizinoak brasildar samba eta bossagaz nahasten dira.
Donostiako Udal Patronatuak alde zaharrean dauen Udal Haur Liburutegiaren ekitaldi aretoan, 'Kiribil', Zura taldearen lan barria aurkeztu dabe gaur.
'Kiribil' Bidasoaldeko Zura taldearen bigarren diskoa da, euskeraz egindako bossanova diskoa, hain zuzen be. Bertan, iturri desbardinetatik edaten dauen bossanova barritzailea topauko dogu: rocka eta funkaren tradizinoak brasildar samba eta bossagaz nahasten dira. Oro har, armoniak eta erritmoak brasildar kutsukoak dira, euskerea bihurtzen dalarik hitzen hizkuntza nagusi. Ikuspuntu barritzaile batetik landutako bossa da beraz, diskoaren muina.
Berbei jagokenez, Kiribil diskoan maitasuna, itxaropena eta sentimendu goxoak lantzen dira. Berbak, kantuak bezela, Xabi Strubellenak dira, Joseba Sarrionandiaren portugesezko poema bati tokia egiten deutselarik, 'Propostas para o definiçao do exilio'. Gainera, badira portugesezko beste kanta bat (No mundo dos fugitivos) eta italierazko bat ('Amore').
Zura, gaur egun, eta zenbait aldaketaren ondoren, Xabi Strubellek (gitarra eta ahotsa), Nerea Olaxa-k (ahots nagusia) eta Diego Garcia-k (bateria) osotzen dabe, zuzenekoetan Gorka Sesma (Kashbad-eko gitarra jotzaile ohia) eta Hans (baxuagaz) gehitu jakezalarik.
Diskoko laguntzaileen artean, egungo euskal eszenaren izen garrantzitsuak dagoz: Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Ines (Gose), Anari eta Sorkun. Baita Wemean suitzar taldeko Sabina Leone be. Musikarien aldetik, Koldo Uriarte eta Gorka Pastor teklatu jotzaileak eta Marc Barnes baxu jotzailea be egon dira diskoan parte hartzen.
Bossanova eta brasildar musika herrikoia barritu eta eguneratu daben esperientzien bidean dabil Zura: Fernanda Porto, Bebel Gilberto edota Moreno Velosoren taldearen bidetik, hain zuzen. Dana dala, Kiribil diskoan badira rock, funk, soul eta jazz ukituak, beti be Zuraren estilo personaletik landuak.
Diskoaren zuzeneko aurkezpenak:
- Zemendiak 14, 22:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
- Zemendiak 21, 23:00etan, Ziburuko Gaztetxean.
- Zemendiak 27, 19:30etan, Iruineako UPNA unibersidade punlikoan.
- Zemendiak 29, 22:00etan, Donostiako Kafe Antzokian.
- Abenduak 12, 22:00etan, Hondaribiako Psilocybenea aretoan.
- Abenduak 13, 22:00etan, Zarautzeko Putzuzulo Gaztetxean.
- Abenduak 18, 22:00etan, Tolosako Bonberenean.
- Abenduak 20, 20:00etan, Bilboko L'Mono Artista aretoan.
Taldeari buruzko informazinoa eta kontaktua:
www.myspace.com/zuramusika
zura_bossa@yahoo.es
www.gordiscos.com
gordiskak@yahoo.es
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!