Itoiz talde klasikoa barriro protagonista
2008-10-31 14:45 MusikeaSasoi batekoak gogora ekarteko balio izan dau, besteak beste, Itoiz taldeko kideek hainbat kazetariren aurrean egindako agerraldiak. Aurkeztera etorri diran lanak, 'Itoiz: Antologia: 1978/1988 CD/DVD', hiru zati ditu: 18 kanta batzen dituan CDa, liburuxka bat eta, barrikuntza moduan, kontzertuetako irudiak eta alkarrizketak batzen dituan DVDa.
Sasoi batekoak gogora ekarteko balio izan dau, besteak beste, Itoiz taldeko kideek hainbat kazetariren aurrean egindako agerraldiak. Aurkeztera etorri diran lanak, 'Itoiz: Antologia: 1978/1988 CD/DVD', hiru zati ditu. Batetik, taldearen 18 kanta esanguratsuenak batzen dituan CDa dago; bestetik, Jon Eskisabel kazetariak idatziriko liburuxka bat, taldearen historia, datu guztiak, diskoak banan-banan... aitatzen dituana; eta, azkenik, antologia honen ekarpenik sendoena dago, DVD formatuan: taldearen historia emozionala, protagonisten ahotik kontautakoa, bideoklipak, zuzenean grabautako kontzertuak eta abar. CDan, 2008ko garagarrilean Jean Phocas eta Cesar Ibarretxe teknikarien zuzendaritzapean masterizautako kantak batzen dira. DVDan, besteak beste, Anjel Azkarragaren -'Matxitxa'- eta Carlos Tenaren alkarrizketak jasoten dira, 2008ko bagilean La Habanan grabautakoak.
'Aldaketa sasoian jaiotako taldea da eta ez-jakintasunean ibiltea gustetan jakun, beti gauza barria probetan', azaldu dau Juan Carlos Perez taldeko abeslariak. 'Antologia egiteko ideia, hasikeran, ez jakun lar gustau, taldea izan zana dalako eta gu orain gure gauzetan gabizalako; baina baiezkoa emon geuntson eta, egia esan, DVDan ikusten diran irudi askok hunkituta itxi gaitue'. Sasoiko gizartearen eta politikearen mobimentuen aurrean, Itoiz ilusino polit moduan deskribidu dau Elkar diskoetxeko zuzendari Anjel Valdesek. 'Lehenengo diskoaren argitalpenetik 30 urte bete diranean atara gura izan dogu antologia'. Lehenengo lan hori Xoxoa izan zan.
Taldea desagertu zanetik, taldekide bakotxak bere bidea segidu dau eta 'urtean behin alkartzen gara, afari bat egiteko'. Halanda be, euren burua barriro taula ganean zelan ikusiko leukien galdetuta, erantzuna ahobatekoa izan da: 'ez, erridikulua egitea izango litzateke'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!