'Poltsiko Musika' zikloak musika arabiarra, rock klasikoa eta bestelako erritmoak dakarz Bilbora

Bizkaie! 2008-10-02 15:20   Musikea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘Poltsiko Musika’ programearen laugarren edizinoa abiarazo dau, azken musika-joerak jenteari helarazoteko asmoz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘Poltsiko Musika’ programearen laugarren edizinoa abiarazo dau, azken musika-joerak jenteari helarazoteko asmoz. Urri osoan, Barrainkuako Udaltegian, dobako bost emonaldi antolatuko dira, genero eta musika-estilo askotakoak, musika arabiarra, Latinoamerikako kantu tradizionalak, jazza, bluesa eta bossa nova tarteko dirala, baita pop eta rockeko klasikoen bersino barriak be. Kontzertu guztiak barikuetan egingo dira, 20:00etan, sarrera dobakoa dalarik.

Zikloa urriaren 3an hasiko da, musika arabiarra egiten dauen Almaqam taldearen kontzertuagaz. Laukote hau Mustapha Agharban banjo-jotzaile eta kantari marokoarrak, Vladimir Teram perkusino-jotzaile kolonbiarrak, Sabine Dunkel txirula-jotzaile alemaniarrak eta baxu elektrikoa joten dauen Eduardo Fernandez euskal herritarrak osotzen dabe. Talde honen kantuek gai unibersalak jorratzen ditue, besteak beste, inmigrazinoa, askatasuna, sorterria, maitasuna, ama…

Bigarren emonaldia The Remakes hirukote akustikoak eskainiko dau. Hilaren 10ean, bertaratutakoek musikearen 60ko hamarkadaz geroko historia errepasetako aukerea izango dabe, Javier Maquedak (ahotsa eta gitarra), Jon Zuazolak (baxua) eta Susok (bateria) pop eta rockeko kantu ezagunen bersinoak tartekatuz preparau daben errepertorioari esker.

Hilaren 17an, Aitor eta Jesus Ayesta anaiek osotzen daben Los hijos de Juana bikote bilbotarraren txandea izango da. ‘De boca en boca’ izenburupean argitaratu daben lehenengo diskoaren ondoren, Barrainkuako Udalegiko eszenatokian zuzen-zuzenean erakutsi ahal izango dabe zelako soinuak ataraten dituen euren gitarra elektrikoek.

Bluesa, jazza eta bossa novaren zaleek Patricia Perez-Yarzaren ahots apartaz gozetako aukerea izango dabe urriaren 24an. Jaioterrirako itzulera honetan, Jackie Revlon proiektua berreskuratu dau. Bertan, Alex Larrazabal piano-jotzailea eta Aritza Castro bateria-jotzailearen laguntzaz, liluraz eta sentsualtasunez betetako giroa sortuko dau, interpretazino bakotxari eransten deutson ahalegin eta goxotasunari esker.

‘Poltsiko musika’-ren laugarren edizino hau urriaren 31n amaituko da, Igela Manuelak kantu tradizionaletan zehar proposatzen dauen ibilbide musikalaren bitartez. Aintzane eta Nerearen ahotsek osotutako bikote honek (horrezaz gan, perkusino-jotzailea eta teklatu-jotzailea dira, hurranez hurran) Argentina, Bolivia, Peru, Brasil eta Uruguaiko folklorera hurreratuko gaitu, euskal musika herrikoiaren ukutuak gaineratuz ozeanoaz bestaldeko doinu eta erritmoei.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu