Iron Maiden, Sex Pistols, REM eta Alanis Morissette izango dira Hungariako Sziget Jaialdian

Bizkaie! 2008-08-07 15:02   Musikea

Abuztuaren 12tik 18ra bitartean Obuda ugartean (Budapest, Hungaria) egingo dan jaialdian, musika izarrez gan, aisialdi- eta kirol-jarduera bitxiak be izango dira: oge elastikoak, txokolatezko ugerlekuak, lokatzezko burrukak...

Abuztuaren 12tik 18ra bitartean Obuda ugartean (Budapest, Hungaria) egingo dan Sziget Jaialdiko izar nagusietako batzuk Iron Maiden, Sex Pistols, REM eta Alanis Morissette izango dira. Musikea, kale-antzerkia, jantzea eta animazinoko 30 agertoki izango ditu jaialdiak eta 600 kontzertu baino gehiago ikusteko aukerea egongo da.

Aisialdi- eta kirol-jarduera bitxiak be izango dira: oge elastikoak, txokolatezko ugerlekuak, lokatzezko burrukak...

1992tik egiten dan jaialdi hungariarrak 400.000tik gora lagun batzea aurreikusten dau. 'Eklektizismo artistikoak, nazinoarteko egitarauaren maileak, kultur aniztasunak eta Ekialdeko Europako jantzeak jaialdia berezi bihurtzen dabe; hori dala eta, bisitariak Europa osotik datoz', azaldu dau Robert Lacombe jaialdiaren antolatzaileak.

Aitatutako talde handiakaz batera, jaialdi hungariarrak metaletik musika elektronikora doazen banda ugari batuko ditu. Jamiroquai, Babyshambles, The Wombats, Carl Cox, MGMT, The Kooks, Presidents of the USA, The Killers eta The Cribs dira talde horreetariko batzuk.

Sziget Jaialdiak Erdialdeko Europako musikak be sustatu gura ditu, musika tsiganak, fanfare balkanikoak edota klezmer lakoak. Ganera, artista frantsesak be nabarmentzen ditu eta herrialde horretako 30 bat artista eta talde izango dira jaialdian, besteak beste, Justice, Vitalic, Missill, Hocus Pocus, Mademoiselle K, Brisa Roche, Seun Kuti, Punish Yourself, Smooth, Jack de Marseille, Rokia Traoré, La Caravane Passe eta Sayag Jazz Machine.

Sarreren salmenta gaur bertan amaituko da jaialdiaren webgunean: www.szigetfestival.com.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu