Getxoko XX. Nazinoarteko Blues Jaialdia, bagilaren 6, 7 eta 8an

Bizkaie! 2008-05-27 15:45   Musikea

Getxo&Bluesak emongo deutse hasierea udako jaialdi handiei. Aurten, 20. urteurrena ospatuko dau jaialdiak. Bi hamarkada horreetan, Getxoko Nazinoarteko Blues Jaialdiak musika estilo horren aberastasuna erakutsi dau. Helburu horrez gan, bluesari merezidu dituan garrantzia eta tokia be autortu gura jakoz.

Getxo&Bluesak emongo deutse hasierea udako jaialdi handiei. Aurten, 20. urteurrena ospatuko dau jaialdiak. Bi hamarkada horreetan, Getxoko Nazinoarteko Blues Jaialdiak musika estilo horren aberastasuna erakutsi dau. Helburu horrez gan, bluesari merezidu dituan garrantzia eta tokia be autortu gura jakoz.

Aurten bost saio egongo dira jaialdian eta, horreetan, eskarmentu handiko musikariak eta artista gazteak jardungo dira; nazinoartean ospe handiko artistak eta hain ezagunak ez diran taldeak.

Igazko moduan, aurten be Erromoko Santa Eugenia plazan izango da jaialdia. Ohi danez, kontzertuak 21:30etan hasiko dira, domekan izan ezik (20:30ean hasiko da) eta sarrerea dobakoa izango da.

Bagilaren 6an, barikuan, Espainiako talde nagusienetako bat dan Mr Groovy and The Blue Headsek emongo deutso hasierea jaialdiari. Bere errepertorioan kanta klasikoak eta egungoak batzen dira, taldekideek eurek eginiko konposizinoez gan. Bigarren saioan Eugene ‘Hideaway’ Bridges abeslari eta gitarra-jole birtuosoak joko dau. Hegoaldeko doinuen adierazgarria, mundu osoko aretoetan ibilten da urtez urte eskaintzen dituan ehunka kontzertuetan.

Biharamunean be, zapatuan, hilak 7, saio bikotxa egongo da. Lehenengoan, The Reverendos laukote bizkaitarraren doinuez gozau ahal izango dogu. Taldeak 40ko eta 50eko hamarkadetako bluesa berreskuratzen ditu, Kaliforniako West Coast bluesa, rockabillya eta swinga ahaztu barik. Bigarren saioan, 2008ko jaialdiaren izarra agertuko da eszenatokian: Robert Cray handia, blues-soul estiloaren ordezkari nagusienetariko bat. Hiru Grammy sari lortu ditu bere jardueran Georgiako musikariak eta sei aldiz izentau dabe sari ospetsu horreetan. Crayk etenbarik landu dau soula eta tradizinoak ezarritako mugak zeharkatu ditu behin eta barriro, bide barriakaz esperimentetako eta berezko estiloa lortze aldera.

Azkenik, bagilaren 8an, domekan, Shemekia Copeland etorriko jaku Getxo&Bluesera. 2002. urtean kantau eban Getxon lehenengo aldiz Harlem auzoan jaiotako artistak. Copelandi etorkizun oparoa iragarri jakon eta, gaur egun, ospea errealidade bilakatu da. 1998an, 18 urte zituala, grabau eban bere lehenengo diskoa eta Koko Taylorren mailako abeslari handien oinordekoa ei da. Copelandek erraz garatzen ditu hainbat ahots-erregistro eta, nahiz eta gaztea izan, egungo bluesaren eszenako goiko lekuetan kokatu da.

Kontuak kontu, aurten be eskaintza anitza eta kalidadekoa ekarriko deusku Getxoko Blues jaialdiak eta, horri esker, ezinbesteko topagune bilakatu da musika mueta hori gustuko daben zaleentzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu