Enrique Morentek Gernikan aurkeztuko dau Picassoren obra poetikoari buruz egin dauen diskoa

Bizkaie! 2008-05-15 18:47   Musikea

Enrique Morentek kontzertua eskainiko dau bagilaren 14an Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, Pablo Picassoren omenez argitaratu dauen ‘Pablo de Málaga’ izenburuko diskoa aurkezteko.

Granadan, 1942an jaiotako Enrique Morentek kontzertua eskainiko dau bagilaren 14an Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, Pablo Picassoren omenez argitaratu dauen ‘Pablo de Málaga’ izenburuko diskoa aurkezteko. Emonaldia gaueko 21:00etatik aurrera izango da, doban, eta sarrerak ordu batzuk lehenago izango dira eskuragarri, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.

Morentek Gernika aukeratu dau disko barria aurkezteko, Pablo Picasso artisteak lotura emozional handia izan ebalako udalerri bizkaitarragaz, eta hori argi islatuta gelditu da bere obra espresionista eta unibersalean. Gainera, Morenteren disko barriko abesti batek Gernikako bonbardaketeari egiten deutso aitamena.

Granadako artisteak orain hiru urte kaleratu eban bere azken lana, ‘Morente sueña la Alhambra’ eta orain arte disko barri hau preparetan egon da buru-belarri. Danetara, 20 disko merkaturatu ditu. Lehenengoa 1967an kaleratu eban ‘Cante flamenco’, hain zuzen, 2000. urtean berrargitaratua. Orain, barriz, Picassoren poema, testu eta idatziak batu eta melodia ezarri deutse, holan, margolariaren jaioterria, Malaga, gogora ekarriz. ‘Pablo de Málaga’ titulua daroan lan barri honek, 13 kanta batzen ditu eta maiatzean argitaratuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu