Michael Schenker, Arch Enemy eta Brujeria taldeak Bilboko Kobetasonik Jaialdian

Bizkaie! 2008-05-08 14:11   Musikea

Kobetasonik Jaialdia bagilaren 20an eta 21ean egingo da, eta, beste askoren artean, Slayer, Kiss, Judas Priest, Ministry, Helloween, Blind Guardian, Gamma Ray eta Cavalera Conspiracy taldeen emonaldiak izango dira. Bi jardunaldietara sartu ahal izateko bonoak 125 euroko salneurria dauka, eta egun batekoak, barriz, 68 eurokoa.

Bilboko Kobetasonik Jaialdian parte hartuko daben taldeen zerrendea zarratuta dago honezkero. Antolatzaileek beste hiru taldek joko dabela jakinarazo dabe: Michael Schenker alemaniarra, Brujeria mexikarrak eta Arch Enemy suediarrak, hain zuzen be. Hirurek bagilaren 21ean joko dabe. Egun horretan, besteak beste, Kiss, Europe, Dio, Saxon eta Blind Guardian taldeak izango dira protagonista.

Michael Schenker Scorpions eta UFO taldeetako kidea izateagaitik da ezaguna. Scorpions taldearen aldirik gogorrenean ibili zan, hau da, 60ko hamarkadearen amaieran eta 70eko hamarkadako lehenengo urteetan. 1979an, barriz, banda propioa eratu eban, Michael Schenker Group izenekoa.

Kobetamendin joko daben talde ospetsuen arteko beste bat Brujeria izango da. Narko-metalaren erregea dan banda mexikarrak 1990ean ekin eutson bere ibilbideari. Bertako kideek, Juan Brujo buru dabela, Faith No More edota Fear Factory lako metal jokerako talde entzutetsuetan dabe jatorria.

Antolatzaileek bart baieztatutako hirugarren taldea death metal melodikoa egiten dauen Arch Enemy da. Suediarrek 90eko hamarkadearen erdialdera sortu eben taldea Michael Amott (Carcass, Spiritual Beggars) gitarra-jotzailearen eskutik.

Kobetasonik Jaialdia bagilaren 20an eta 21ean egingo da, eta, beste askoren artean, Slayer, Kiss, Judas Priest, Ministry, Helloween, Blind Guardian, Gamma Ray eta Cavalera Conspiracy taldeen emonaldiak izango dira. Bi jardunaldietara sartu ahal izateko bonoak 125 euroko salneurria dauka, eta egun batekoak, barriz, 68 eurokoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu