Joxi Basterretxeak bere hirugarren nobelea argitaratu dau: 'Mandatariaren gerra'

Bizkaie! 2008-04-16 15:34   Kulturea

'Nobelaren abiapuntua Historia da baina ez dau Historia kontetan. Horra hor Historiaren eta Literaturearen lotura bitxia, zer da irudikatua eta zer kontautakoa?'. Erreflexinorako galderea, nonbait.

Gatxa da nobela bati buruz hamar minutuz berba egitea nobelearen haria kontau barik. Hori eskatu deutso Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek Joxi Basterretxea EHUko irakasle eta idazleari eta Basterretxeak erronkeari eutsi eta beste hamar minutu ganeratu deutsoz berbaldiari. 'Mandatariaren gerra' Basterretxearen hirugarren nobelea aurkeztu dabe gaur Bilbon, Ondarroako Agustin Zubikarai nobela laburren lehiaketako zazpigarren edizinoko lan irabazlea. Autorearen aurreko bi nobelak 1988an Joane Barolo ezizenez kaleratutako 'Falo zantarra' eta 2006an argitaratutako 'Marearen erraietan' dira.

'Nobelaren abiapuntua Historia da baina ez dau Historia kontetan. Horra hor Historiaren eta Literaturearen lotura bitxia, zer da irudikatua eta zer kontautakoa?'. Erreflexinorako galderea, nonbait. Istorioa 1938an jazoten da, Pirinioetan, Bielsa inguruan. Kazetari mexikar batek egiten dau narratzaile lana eta liburua erreportaje-sorta laburren bidez aurkezten jako irakurleari, hau da, kapituluak izan beharrean, erreportajeak ditu. 'Irakurleak berak hainbat gauza imajinetako beharra sentidu dagian kontau dot istorioa hain modu eskematikoan', zehaztu dau Basterretxeak.

Nobeleari hiru ardatz jarri deutsoz autoreak: gerrea, desesperoa eta maitasuna. Fantasia eta errealidadea buztartzen dira eta personaiek bizitako kontraesanez beterik dago: 'gerrearen inguruan persona batzuei jazotakoen aurrean protagonistek bizitako kontraesanak kontetan dira'. Protagonista nagusia izenburuan agertzen dan mandataria bera da, 'politikaria, enpresaria... izan daitekena, hau da, gerrearen ondorioak moldatu gura dituan mandataria'. Istorioan, mandatari horren ohean nonor sartuko da eta 'horrek pisu garrantzitsua dauka nobelan'. Gerrea ardatz nagusi izan arren, 'ez dira kontetan gudu-zelaietan jazotakoak, ingurukoak baino'.

Amaitzeko, Ondarroako Udalaren izenean, Gotzon Loberak Agustin Zubikarai ekarri dau gogora eta autorearen omenezko sariketearen 8. edizinoa laster martxan izango dala gogorarazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu