Danimarka, Suedia, Espainia eta Txekiar Errepublikako taldeak lehiatuko dira Getxo Jazzeko Talde Lehiaketako finalean

Bizkaie! 2008-03-12 17:10   Musikea

Flux (Danimarka), Kristian Brink Quartet (Suedia), Tutusaus Septet (Espainia) eta Ondrek Pivec Organic Quartet (Txekiar Errepublika) taldeak aukeratu ditu epaimahaiak eta garagarrilaren 8tik 12ra joko dabe Getxoko XXXII. Jazz Jaialdian, lehiaketako lehen saria eskuratzeko.

Aurtengo Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketan parte hartuko daben taldeak dagoeneko aukeratu ditue. Aurten, 50 bat taldek parte hartu dabe lehenengo fasean eta, horreen artean, ondoko lau taldeak aukeratu ditu epaimahaiak: Flux (Danimarka), Kristian Brink Quartet (Suedia), Tutusaus Septet (Espainia) eta Ondrek Pivec Organic Quartet (Txekiar Errepublika). Talde horreek garagarrilaren 8tik 12ra joko dabe Getxoko XXXII. Jazz Jaialdian lehiaketako lehen saria eskuratzeko.

Oraingoan, Europako 16 herrialdetako taldeek parte hartu dabe lehiaketan. Espainiak, Alemaniak, Suediak, Holandak eta Suitzak aurkeztu dabe talde kopururik handiena, Poloniaren, Danimarkaren, Txekiar Errepublikaren eta Errusiaren aurretik, besteak beste. Ohikoa danez, aukeratutako lau finalistek esku-dirua jasoko dabe, 900 eta 1.800 euro artekoa, kontzeptu guztiak tarteko dirala (bidaia, egile-eskubideak...); egonaldia be antolatzaileen esku egongo da.

Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dabe eta irabazleak barriro joko dau azken egunean. Sariei jagokenez, 3.000 euro jasoko ditue irabazleek eta disko bat grabauko jake zuzenean. Bigarren sariari 1.200 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 600 euro irabaziko ditu. Sariez gan, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako (Espainia) jazzaldietan parte hartuko dabe, Getxo Jazzek jaialdi horreekaz dauen akordioari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu