Begoña Bang-Matu Bizkaia Blues-Jazz Zirkuituan
2008-03-10 13:02 MusikeaBrixton Records euskal zigiluak Begoña Bang-Maturen lan barria kaleratu dau, ‘I am thinking about you’, Orquesta Kingston taldeagaz kaleratzen dauen bigarrena. Reggae, ska-jazz, rocksteady, soul... horrexek doguz Begoñaren osogaiak lan barri honetan.
Begoña Bang-Matuk Reggae, ska, soul, jazz, gospel, rhythm & blues eta beste musika mueta batzuk lantzen ditu, eta danak bikain, bere ahots baxu, gozo eta sensualagaz. Oso gazterik hasi zan abesten, boleroak-eta familia batuta egoanean, baita 40. urteetako jazz obra handiak imitetan be, edo Bob Marley bera. Geroago, 1989. urte aldera, Rhythm & Bluesaren alde egin eban bere lehenengo talde erdi profesionalagaz. 1993an bere ahots bikaina autortzen hasi ziran ia Europa osoan ezaguna egin zan Madrilgo ska taldeagaz, ‘Malarians’ izenekoagaz, ebilenean. Talde honegaz trebatu zan kantari moduan, eta 1995ean ‘Mind the step’ (aitabitxi Laurel Aitkenek produzidua) eta 1998an ‘Hostal Caribe’ diskoak kaleratu zituan. 1997an, Gasteizen, lagun handiak egin ziran Potato talde ospetsuko kideakaz, eta parte hartu eben azken honeen ‘PKO original’ lanean kolaboratzaile moduan. Urte horretan berean ahots laukote bat osotu eban, jazz musika moldea lantzeko, ‘Jazz entre divas’. Izen bereko disko bat kaleratu eban.
1999an Lauren Aitkenen eskaintza onartu eta haregaz zuzeneko batean, Italia osoan zehar ibiltera eroango ebana, parte hartu eban. Bira haetan Ramiccia taldeko kide batzuk ezagutu zituan. Talde horrek ‘Ramiccia meets Begoña’ izenburuko diskoa kaleratu eban 2000. urtean, eta Espainian eta Italian zehar ezagutarazo eban. Bien bitartean, Jamaikako hotsak beti be presente dagozan taldeakaz kolaborazino-lanak egiten jarraitu eban.
Hainbeste kolaborazino, bira eta disko egin ondoren, 2001ean berak bere kabuz disko bat egiteko erabagia hartu eban. Holan sortu ziran Begoña Bang-Matu & orquesta Kingston eta lehenengo diskoa ‘Magia negra’; disko horretan, Jamaikako hotsak, berbarako, ‘Autumn Leaves’, jazz muetakoak, berbarako, ‘Memories’, benetan bihotzeraino heltzen dan abestia, reggae muetakoak, ‘sombrero club’ eta, zelan ez, ska estilokoak islatzen dira.
Ondorioz, bira bat egin eban ia Europa erdian zehar, eta danen agirian itxi eban zeinen ahots zoragarria dauen. Bestalde, kolaborazino-lanak egiten jarraitu eban, esate baterako, 2002an, Fermin Muguruzaren ‘In-komunikazioa’ lanean. Lan-ikuskizun guztiz berezi horri esker, 2003. urtearen amaieran hasi eta 2004ko udara arte iraungo eban bira ikusgarri batean buru-belarri ibili zan mundu osoan zehar ezagun egin zan Fermin Muguruzaren Kontrabandako kide moduan.
Kontuak kontu, Brixton Records euskal zigiluak Begoña Bang-Maturen lan barria kaleratu dau, ‘I am thinking about you’, Orquesta Kingston taldeagaz kaleratzen dauen bigarrena. Reggae, ska-jazz, rocksteady, soul... horrexek doguz Begoñaren osogaiak lan barri honetan. Ahots guztiz liluragarri batez abesten dituan Bobby Hebben bertsino ikaragarriak, Steve Wonderren ‘Master blaster’ eta Henry Manciniren ‘Charade’ gaiak izan ezik, Begoñarenak dira, oso-osorik, ganerako konposizino guztiak.
Datozen egunetan Bizkaian zehar ibiliko da Begoña Bang-Matu zuzeneko kontzertuetan:
· Martiaren12an, eguaztenean, Basauriko Arizko torrean, arratsaldeko 19:30etan.
· Martiaren 13an, eguenean, Zornotzako Zelaieta zentroan, gaueko 21:00etan.
· Martiaren 14an, barikuan, Leioako Kultur aretoan, 22:00etan.
. Martiaren 15ean, zapatuan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, iluntzeko 20:30etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!