Lolitak Arriagako urteko azken kontzertua eskainiko dau

Bizkaie! 2007-12-27 10:08   Musikea

'Sigue caminando' disko barria osotzen daben 11 kantak eskainiko ditu gaur, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian. Bolero, son kubatar, jazz eta pop-rock estiloak jorratu ditu Lolitak lan barrian.

Arriaga Antzokiak urte honetako azken musika-ikuskizuna hartuko dau gaur, abenduak 27, Lolitaren kontzertuagaz. Bilboko antzokiko taula ganean Lolitak eskainiko dauen lehenengo emonaldia izango da eta, bertan, 'Sigue caminando' azken diskoa osotzen daben 11 kantak aurkeztuko ditu 20:00etatik aurrera.

Lola Floresen eta Antonio Gonzalez El Pescaillaren alaba nagusiak bagilaren 18an plazaratu eban lan barria, 'Sigue caminando' izenburupean. Javier Limonen estudioan grabautako disko horretan, inoiz baino eklektikoago agertzen da Lolita.

'Sigue caminando' disko plurala da, izan be, son kubatarra ('Caminando'), jazza ('Mariposa'), boleroa ('De ti y de mí') edota pop-rocka ('Yo quisiera') landu ditu.

'Lola, Lolita, Lola' (2001), 'Lola, Lolita, Dolores' (2002) eta 'Y ahora Lola. Un regalo a mi madre' (2005) lanek osotzen eben trilogiak izandako harrera beroaren ostean, musikariak disko barriko azalean agertzen dauen segurtasunagaz egin dau aurrerapausoa Lola Floresen lehenengo alabeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu