Barakaldo Antzokiak gospel doinuak hartuko ditu asteburuan

Bizkaie! 2007-12-12 14:25   Musikea

Lehenengo emonaldia bariku honetan izango da, 20:00etatik aurrera, Joyful Gospel Choir taldeagaz. Hurrengo kontzertua domekan izango da, abenduak 16, 19:00etan hasita, Marlena Smalls & The Hallellujah Singers taldearen eskutik. Azken emonaldia, abenduaren 18an, Soweto Gospel Choir taldeak eskainiko dau.

Barakaldo Antzokiak bere Gospel Jaialdiaren edizino barri bat eskainiko dau beste behin urte amaiereagaz. Aurtengoan hiru taldek eskainiko ditue kontzertuak: Joyful Gospel Choir, Marlena Smalls & The Hallellujah Singers eta Soweto Gospel Choir.

Antolatzaileek jakinarazo daben legez, lehenengo emonaldia bariku honetan izango da, 20:00etatik aurrera, Joyful Gospel Choir taldeagaz. Soul, gospel eta rhythm&blues soinuak buztartzen dituan 'joyful' ezagunak dagoz taldearen oinarrian. Europako publikoak gospel tradizionalagazko dauen zaletasuna gero eta handiagoa dala ikusita, New Orleans inguruko abeslari eta musikari profesionalak sartu ditue abesbatzan. Taldeak 200 urtetik gorako esperientzia dau eta emonaldietan gospel espiritualeko soinu garbia eskaintzen dau. Europako eta AEBtako jaialdi handienetan hartu dau parte eta, bira honetan, 20 abeslariren eskutik, 'Oh Happy Day', 'Stand By Me' edota 'Glory, Glory, Hallellujah' klasikoak eskainiko ditu.

Hurrengo kontzertua domekan izango da, abenduak 16, 19:00etan hasita, Marlena Smalls & The Hallellujah Singers taldearen eskutik. Marlena Smalls AEBtako artista oparoenetarikoa da. Gullah eta gospel abeslaria izateaz gan, musika garaikidea be interpretau dau, jazz eta blues estiloak, berbarako. Aktore legez be egin dau lan, Glenn Close, Demi Moore eta Tom Hanks lako izarrakaz.

Azkenik, abenduaren 18an, Soweto Gospel Choir taldeak eskainiko dau kontzertua Gospel Jaialdiari amaierea emoteko. 'Ahotsak zerutik' programan, Otis Reddingen souletik Jimmy Cliffen reggaeraino heltzen da talde afrikarra, jantzariak eta tanborrak sartuz 'Holy Jerusalem Choir' kantan. David Mulovhedzi zuzendariaren aginduetara, Soweto Gospel Choir ahotsen talde bikaina da. 2003ko hasieran, taldeak Australia eta Zeelanda Barritik lehenengo birea egin ebanetik, lurreko erritmoak, harmonia aberatsak eta interpretazino karismatikoak eskaintzen ditu jentaurrean. Nelson Mandelak HIESaren kontra lan egiteko sorturiko 46664 fundazinoko enbajadoreak dira eta Bono (U2), Eurythmics, Anastacia, Peter Gabriel eta Queen lako izarrakaz be jo dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu