Gose baltzetik zurira pasau da

Bizkaie! 2007-11-30 14:44   Musikea

Lehenengo diskoaren azal baltza zuri bihurtuta, Gose taldeak lotsarik barik egiten dau berba sexuaz eta beste hainbat kontuz aurkeztu barri dauen bigarren diskoan. Halanda be, estiloan ez da aldaketa lar izan, trikia eta musika elektronikoaren arteko buztarketea da nagusi.

Lehenengo diskoaren azal baltza zuri bihurtuta, Gose taldeak lotsarik barik egiten dau berba sexuaz eta beste hainbat kontuz aurkeztu barri dauen bigarren diskoan. Oraingoan be, izenik bako lana da baina kolore dikotomia horregaz jokatu dabe zeozelako aldaketea igarteko. Halanda be, Baga-biga diskoetxeko ordezkari Ritxi Aizpuruk azpimarratu dauen legez, 'musika-estiloan ez da aldaketa nabarmenik izan, trikia eta musika elektronikoa dira nagusi'.

Disko hau orain dala urte bi planteau eben, lehenengo diskoa atarakeran. 'Baina planak aldatzen joan dira eta Carlinhos Brown, Eutsi! filma, Fangoriagaz kontzertua... lako pausu txiki asko izan dira bidean', esan dau Inesek. Taldeko ahotsa da bera eta trikia be joten dau. Beste taldekideak Osoron taldekide barria (gitarra eta bajua) eta Iñaki (erritmoak eta sekuentziak) dira. Hirurak izan dira gaur Bilboko Plaza Barriko Skunkfunk dendan egindako prentsaurrekoan eta, bide batez, kazetariei goiza alaitu deutsie euren musika triki-elektronikoagaz.

Bidean izandako aldaketa horreek kanten letratan be igarri dirala dino Inesek. 'Orain dala urte bi ez genduan horrenbeste sexu izaten era orain bai', esan dau barre artean Inesek. Hori dala eta, akaso, kanta gehienak lizunak dira, zuzenak, sexuaz ezelako lotsarik barik berba egiten dabenak.

Diskoak hamaika kanta batzen ditu. Azkena Hertzainak taldearen 'Hil ezazu aita' kantearen bersino bat da eta 'ostean zeozer gehiago dago', aurreratu dau Aizpuruk.

Kolaborazinoak baino, laguntzaile asko izan ditue, tartean Jose Izkue, Maixa Lizarribar, Ricardo Altuna, Evaristo Paramos, Txema Arzamendi...

Honezkero, taldeak bigarren lan honetan jaso dituan kantak zuzeneko kontzertuan entzun ahal izan dira eta horrek, zeozelan, taldeari zuzenekoak gustetan jakozala erakusten dau'. Horren erakusle da taldeak eskainiko dauen kontzertu-bira oparoa. Hona hemen datak:

Abenduak 1: Getxo
Abenduak 9: Durango (Plateruena Kafe Antzokia)
Abenduak 20: Donostia (Gasteeszena)
Abenduak 29: Bilbo (Zorrozaurre)
Urtarrilak 3: Gasteiz (Parral taberna)
Urtarrilak 4: Lakuntza-Nafarroa (Sorgina tabernan)
Urtarrilak 10: Bilbo (Kafe Antzokia)
Urtarrilak 18: Hendaia (Kanttu ostatua)
Urtarrilak 25: Arrasate (3.60 aretoa)
Zezeilak 8: Gernika (Musutruk aretoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu