Esperantzarako argiak
2007-11-29 14:45 MusikeaKen Zazpi bizkaitarrek laugarren diskoa atara dabe 'Argiak' izenburupean. Hamabi kantaz osotutako lana hemen grabau arren, masterizazinoa Los Angelesen egin dabe Rafa Sardinaren gidaritzapean.
Ken Zazpi gernikarrek 'Argiak' izeneko laugarren diskoa atara dabe Oihuka diskoetxearen eskutik. 'Bizi garan argi-ilun sasoi honetan, Argiak izenburuak esperantzarako bidea islatzen dau'. Holan definidu dau taldeko buru dan Eñaut Elorrietak diskoaren izenburua. Aurkezpena gaur egin dabe Bilbon eta bertan izan dira Eñaut Elorrieta (ahotsa), Beñat Serna (gitarrea), Jon Mikel Arronategi eta Igor Artzanegi (bajua). Jon Fresco (bateria) eta Iñaki Zabaleta (tekladuak) falta izan dira.
'Disko barri bakotxa erronka legez hartzen dogu eta arriskuak hartzea gustetan jaku; honetan be, badago holakorik'. Kantak entzun eta estiloa orain artekoa lakoa dala emon arren, ikutu desbardinak dagozala azpimarratu dabe taldekideek. Horretan, akaso, Rafa Sardinaren Los Angeleseko estudioak zeresan handia izan dau, hemen grabau arren, nahasketea bertan egin baitabe. Halanda be, 'azkenean, garrantzitsuena, kantak dira; ez non grabau dan edo nork nahastau dauen'.
Kontzertuak
Durangoko Azokeagaz bat eginda, Plateruena Kafe Antzokian izango da Ken Zazpiren disko barriaren aurkezpen kontzertua abenduaren 8an. Ostean, gehiago be etorriko dira, 'guri zuzenekoak gustetan jakuzalako, jenteagaz loturea izatea'. Holan ba, hona hemen data batzuk: abenduaren 14an, Tolosako Leidor aretoan; abenduaren 15ean, Elizondon; urtarrilaren 29an, Bilboko Arriaga antzokian; eta, zezeilaren 9an, Donostiako Kursaal aretoan. 'Maiatzera arte edo, aretoetan joko dogu; gero, herrietako plazetan izango gara', azaldu dau Arronategik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!