Irazoki, folketik rockera
2007-11-20 10:36 MusikeaMusikari arina eta gitarrista fina izateaz gan, kantak ondo tratetako doea dau Joseba Irazokik. 'Nire aurreko diskoetan folk doinuak izan dira nagusi. Orain, gitarra elektrikoen pisua igarten da', dino artisteak.
'Pobre gara' lana Joseba Irazokik Belardian taldeagaz grabetan dauen lehenengoa da eta horrek aldaketa garrantzitsua ekarri dau aurreko lanagaz konparau ezkero ('Gizona zakur egin zen' izenekoa). Mikel Artiedak (bajua), Fernan Leitzak (bateria) eta Mikel Errazkinek (soinu teknikaria) osotzen dabe Belardian. Hainbat taldetan ibilitako musikariak dira eta hirukote formatu horregaz soinu elektrikoa berreskuratu dau Irazokik eta AEBetako sustraidun musikearen (folk, rock, country...) eta euskal tradizinoaren arteko zubi sendo eta propioa eregi dau. Hirusta Records zigiluagaz atara dau diskoa.
Musikari arina eta gitarrista fina izateaz gan, kantak ondo tratetako doea dau Irazokik. 'Pobre gara' diskoan, aurreko taldea, Onddo, gogora ekarten dauen pop-rock kante fresko eta bat-batekoak dagoz (Bizipoza, Bidasoa...), baina baita folk akustikoko lan leunak be (Bakezaletasuna). Country ikutua be igarten da, baita rock gitarreroa be. 'Nire aurreko diskoetan folk doinuak izan dira nagusi. Orain, gitarra elektrikoen pisua igarten da', dino artisteak. Euskal folkaren doinuek be eragin nabaria dabela aitatu behar da.
Letrei jagokenez, Bitoriano Gandiagaren olerkiak erabili ditu, 'asko gustetan jatazalako'. Kanta gehienak 'gizakiaren eta haren miserien ingurukoak dira.
Honezkero, hasita dagoz disko barriaren aurkezpen-kontzertuakaz. Lehenengo kontzertua Añorgan (Donostia) emon dabe eta zemendiaren 23an Oñatiko gaztelekuan izango dira. Abenduaren 13an, Atarrabiako kultur etxean izango dira eta, 18an, Gasteizko Parral tabernan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!