Bilboko Txistularien Udal Bandeak 'Hala ere' diskoa kaleratu dau
2007-11-16 14:53 MusikeaAkordeoia omentzen dauen disko barria gaur aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean. Diskoan, Xabier Letek eta Lourdes Iriondok 1974an egindako kanta bat edota Kepa Junkerak egindako beste bat jasoten dira, besteak beste.
Akordeoia omentzen dauen disko barria aurkeztu dau gaur Bilboko Txistularien Udal Bandeak, euskal musika herrikoiaren barruan eta txistuagaz batera, protagonismoa izan dauen musika-tresnea dalako. 'Hala ere' izenburu generikoagaz, Cdak Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren izenkide klasikoa jasoten dau, 1974an egindakoa, beste zazpi piezagaz batera, momenturako eta enkarguz egindakoak eta herri honetako akordeoijole hoberenetarikoek interpretautakoak.
'Hala Ere' diskoaren aurkezpenean honako honeek izan dira: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko Zuzendari Iñaki López de Agileta; Txistularien Udal Bandearen zuzendari Garikoitz Mendizabal; Kepa Junkera eta Iñaki Salvador musikariak; eta Udal Bandako gainontzeko kideak.
Disko honegaz, Bilboko Txistulariek errepertorioa zabaldu dabe. Bandearen zuzendariaren esanetan, 'disko honetan parte hartzen daben zortzi konbidauek aire freskoa emon deutsie txistuari'. Aire-fresko horretan zeresan handia izan dabe, berbarako, Kepa Junkeraren trikitixearen doinuak. Junkerak 'Txistulari' izeneko kantea egin dau eta 'niretzat erronkea izan da proiektu honetan parte hartzea, esperientzia barria biziteagaitik; eta, zelan ez, ardurea be bai' esan dau. Salvadorrek be antzera definidu dau egoerea: 'ikuspuntu profesionaletik, txistuaren mundua ez dot hur sentidu eta niretzat be erronkea izan da; gogor egin dot lan eta asko ikasi dot'. Salvadorren kantea 'Abril' izenekoa da.
Aitatu legez, oraingo honetan akordeoia da 'konbidautako musika-tresnea', txistuagaz batera euskal musika tradizionalean leku garrantzitsua hartzen dauena. Diskoan akordeoi kromatikoa (tekladuna) edo diatonikoa (botoiduna) entzun daitekez Kepa Junkeraren, Aitor Furundarenaren, Joxan Goikoetxearen edota Pello Ramirezen eskutik. Xabi Zabalak eta Marijose Arregik be euren ekarpena egin dabe, bakotxak beraren esparruan.
Bilboko Txistularien Udal bandearen diskorako berenberegi preparau ez dan kantea 'Hala ere' izan da, diskoaren izena daroana. Kanta hori Xabier Leteren poema bat da, hil zan Lourdes Iriondo bere emazteak musikautakoa eta 1974an grabau zana, Ez Dok Amairu taldearen desagerpenaren ondoren. Joxean Goikoetxearen eskutik moldatu dabe txistularien bandarako eta akordeoiarentzako. Leteren bertsoei Jose Anjel Irigaraik jarri deutsie ahotsa.
Aurkezpena zuzeneko kontzertuagaz
Lana diskoan jasoteaz gan, zuzeneko aurkezpen publikoan gozau ahal izango da datorren astelehenan, zemendiak 19, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Ganera, 2.000 ale kaleratuko dira 16 euroan salgai ohiko saltokietan zemendiaren 20tik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!