Badator Santo Tomas eguna, badator The Pub Ibiltaria

Bizkaie! 2007-10-19 15:49   Musikea

Orain dala hamabi urte hasitako abenturearen hamaikagarren frutua aurkeztu dau gaur Oskorrik, hau da, igazko Santo Tomas egunean grabautako diskoa. Ganera, orain arteko kanta horreek batuko dituan www.thepubibiltaria.com webgunearen barri be emon dabe, aurtengo ekimena preparetan hasteko koadernotxuez gan.

Orain dala hamabi urte hasitako abenturearen hamaikagarren frutua aurkeztu dau gaur Oskorrik. Igazko Santo Tomas egunean Bilboko Pio Baroja Plazako karpan taldeak hainbat herritako musika-eskola zein kontserbatoriotako ikasleakaz batera emondako kontzertuan grabautako diskoa da 'The Pub Ibiltaria 11'. Ganera, edozein instrumentu joten dabenak edota abestea gustetan jakenak be parte hartzen dabe 'The Pub Ibiltaria' ekimenean. BBKren laguntzinoak bideratutako egitasmoa da eta, prentsaurrekoan, BBKren ordezkari Gorka Martinez eta Oskorriko taldekideak izan dira, tartean, zelan ez, Natxo De Felipe burua.

CD bikotxeko formato berezian jatorku lana. Lehenengo diskoan, kontzertuan jotako eta kantautako kantak batzen dira; bigarrenean, Oskorrik estudioan grabautako play back dalakoa dago, hau da, berbarik bako kantak. Bestalde, koaderno-kantutegia be topauko dogu, kanta danen partiturak, berbak eta frantses eta gaztelaniazko itzulpenakaz.

'The Pub Ibiltaria' bildumeak, danetara, 13 ale izango ditu. 'Gure kanten bildumea oso zabala da baina kanta bikainenak baino ez doguz jaso gura; orain arte, ia 200 inguru batu doguz eta 13. ale horregaz amaituko da bildumea, 14. bat egiteko kanta bikainik ez dogulako topau, oraindino behintzat', azaldu deusku De Felipek.

Aurtengo Santo Tomasetara etorteko konbita be egin dau Oskorriko buruak. Horretarako, aurten kantauko eta joko diran kantuen koadernotxua be aurkeztu dabe. Koaderno honeek Bizkaiko koru, banda, fanfarre eta musika alkarte danen esku jarriko dira eta baita BBKren Kultura Aretoan be (Elkano, 20, Bilbo). Hemendik eta abenduaren 21era bitarteko lana zein izango dan, beraz, zehaztuta dago: koadernotxu horretako partiturak eta berbak ikasi, Santo Tomas eguneko kontzerturako.

www.thepubibiltaria.com

Disko barriagaz gan, kontzertu-sortea batuko dauen webgunea be aurkeztu dabe: www.thepubibiltaria.com. 'Zemendian izango da martxan eta, bertan, orain arteko kanta danak batu doguz, berbak eta partiturak'. Ganera, kanta horreen artxibo berezia be izango da eskuragai webgunean eta, holan, 'erabiltzaileek kantak gorde eta moldatu egin ahal izango ditue'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu