Juan Carlos Perezek bere lehenengo obra sinfonikoa egin dau

Bizkaie! 2007-10-16 12:13   Musikea

Itoiz taldeko liderra izandakoak orkestrako musikea perkusinoagaz eta alboka-soinuagaz buztartuta egin dau 'Bizkaieraz' izeneko obrea.

Itoiz taldeko lider izandakoak 'Bizkaieraz' izeneko lehenengo obra sinfonikoa egin dau. Orkestrako musikea perkusinoagaz eta alboka-soinuakaz buztartuta egindako lana da. Antzerkirako, zinemarako eta telesail askorentzako musika-obrak egin ostean, musikariak beste pausu bat emon eta orkestra baterako pieza bat sortu dau.


'Bizkaieraz', urriaren 18an

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) kontzertuen denporaldi barriari Perezen obra barriak emongo deutso hasierea, urriaren 18an. Gero, denporaldi osoan, 18 kontzertu sinfoniko eta 11 ganbarako kontzertu emongo ditu Bilboko orkestreak eta azkeneko 250 urteetako musika sinfonikoa ekarriko dau gogora. Hain zuzen be, Bach, Mendelssohn, Mozart, Bruckner, Prokofiev, Schumann, Listz, Carl Orff, Brahms eta Messiaen konpositore obrak interpretauko ditu.

Kontzertu bereziak be egingo ditu BOSek. Gabonetako kontzertua Bachi eta organorako idatzitako erlijino musikeari eskainiko deutso. Udabarriko kontzertuan Ravel, Adams eta Dvoraken obrak interpretauko ditu, eta amaierakoan, Wagner, Henze eta Orffen lanak.

BOS zuzenduko daben zuzendarien artean bi nabarmentzen dira: Raymond Leppard eta Marc Soustrot. Ganera, Gloria Isabel Ramos, Jesus Amigo eta Manel Valdiviesok be zuzenduko dabe. Elisso Virsaladze eta Gianluca Cascioli pianistak eta Chloe Hanslip biolinistea bakarlari legez izango dira BOSegaz.

Amaierako kontzertua 'Carmina Burana' obrearen eskutik etorriko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu