'Poltsiko Musikea' urrian Bilbon

Bizkaie! 2007-10-04 14:26   Musikea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘Poltsiko Musikea’ programearen hirugarren edizinoari hasierea emongo deutso herritarrei musika joera desbardinak hurreratzeko asmoz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘Poltsiko Musikea’ programearen hirugarren edizinoari hasierea emongo deutso herritarrei musika joera desbardinak hurreratzeko asmoz. Urrian zehar barikuero eta zapatuero, dobako lau emonaldi eta flamenkoa, musika klasikoa, mounache estiloko jazza edo eta tangoa lako genero musikalak izango dira Barrainkuako udaltegian gozagai. Kontzertu guztiak barikuero arratsaldeko 20:00etan izango dira dobako sarrereagaz eta tailerrak, zapatuetan, goizez.

'Poltsiko Musikea' urriaren 5ean ‘Guitarras Amigas’ taldeak zabalduko dau, Sacratif eta Infusión taldeen sortzaile Salva Salazar eta Raúl Llamesek osotutako taldeak. Inprobisazinoan eta askatasun armoniko zein erritmikoan oinarritzen dira.

Urriaren 12an, barriz, Paprika taldearen txandea izango da. Bi gitarrajole, baxua eta airezko musika tresnez (saxoa eta flauta) osotutako laukoteak, jazz mounache izenaz ezagutzen dan musika estiloaren kontzertu erakustaldi bat eskainiko deusku. Pasa dan mende hasieran Frantzian sortutako korrontea dogu, rumba, bolero edo swing estiloen eraginak jasoten dituana. Biharamunean, urriaren 13an, lehen tailerrari emongo jako hasierea ‘Musika flamenkoa ulertzea’ izenburuagaz; 15 euroko prezioa eta 12 lagunentzako lekua izango dau.

Urriaren 19an, musika klasikoko hirukotea dan Impromptu taldeak emongo dau kontzertua. Biolinjoleak, pianojoleak eta ahotsak osotzen dabe hirukotea eta ‘Schubert eta kantua’ izenburuko ikuskizun didaktikoa emongo dabe.

Urriaren 26an izango dabe hitzordua tangozaleek eta musika latinoaren maitaleek Matias Normandigaz, pianojole baten laguntzinoagaz hegoamerikar kantuak jasoten dituan musikaria berau. Combode zein jazz edo reggae erritmoak eskainiko ditu kontzertu honetan. Urriko ‘Poltsiko Musikea’, ‘Hegoamerikar musikea ulertzea’ izenburuko tailerragaz zarratuko da, aurreko kasuan legez, 12 lagunentzako lekua eta 15 euroko prezioa izango dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu