Bilboko Udal Bandeak eta Txistularien Bandeak kontzertu denporaldi barria aurkeztu dabe

Bizkaie! 2007-10-02 15:56   Musikea

Udal Banda bien kasuan izango da laugarren edizinoa eta gero eta arrakasta gehiago izaten ari diran bizipen barriztatzaile honeek, ohiko eskenatokietatik kanpo izango dira.

Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe dagozan Udal Musika Bandeak eta Txistulari Bandeak (biak Bilbaomusika erakunde autonomoaren barruan) datozen hilebeteotan izango diran kontzertuen egitaraua aurkeztu dabe. Udal Banda bien kasuan izango da laugarren edizinoa eta gero eta arrakasta gehiago izaten ari diran bizipen barriztatzaile honeek, ohiko eskenatokietatik kanpo izango dira.

Udal Txistularien Bandeak Euskalduna Jauregian izango diran dobako emonaldien zikloaren barruan 2007-2008ko egitarau osoa aurkeztu dau: Asteazkenetan Txistua Benetan; Ohiko jarduerez gain (jaiak, kalejirak, protokolo ekitaldiak, etab.), iniziatiba honek, Bilboko txistulariei bizipen dimensino barri bat emotea ekarri dau.

Garikoitz Mendizabal zestoarrak zuzentzen dauen bandearen 2007-2008ko egitaraua, emonaldi erakargarriz betea aurkezten da. Egitarauak, Kamarako bi kontzertu dakarz, bata Errenazimenduari eta Barrokoari zuzendurik eta bestea, ‘Boni’ Fernández lako txistulari ezagunei eskeinitakoa. Kontzertu horreez gan ohiko kontzertu tradizionalak be izango dira. Hildako bi euskal musikari ospetsu be omenduko dira, Jokin Iruretagoiena gipuzkoarra eta Rodrigo de Santiago bizkaitarra.

Gabonetako kontzertuak, txistuaren doinuaz lagundurik operako lau bakarlari entzuteko aukerea ekarriko deusku. Iparraldetik, Jean Michel Bedaxagar zuberotarrak, pastoralen doinuak eta kanturako ohitura aberatsak ekarriko deuskuz Euskalduna Jauregira eta Anjel Unzuk zuzenduriko jazz formazino bat eta Udal Musika Bandeak eskiniko daben emonaldi bateratuagaz emongo jako amaiera ziklo honi.


Arriagako udagoieneko egitaraua

Ehun eta hamabi iurteko ibilbide artistiko dauen Udal Musika Bandeak Arenaleko Kioskotik Arriaga Antzokira eroango ditu domeketako kontzertuak, publikoarentzako baldintza ezin hobeakaz.

Baldintza eroso horreezaz gan, udal kontzertuen arrakastea, udal bandeak osotzen daben 51 maisu handiren lanari esker izan da. Normalean, Arriagako kontzertuetan artista gonbidatuak izaten dira, zuzendari edo eta bakarlariak, bertokoak zein kanpokoak.

Udagoieneko egitarauari jagokonez, urteko azken hiru-hilebetean, sei kontzertu iragarri ditu Udal Musika Bandeak, zuzendaritza lanetan zuzendaria eta zuzendariordea aldatuz joango diralarik. Albaceteko Udal Musika Bandako zuzendaria, Fernando Bonete edo eta Bilbaomusikan parte hartu daben IV .Zuzendaritza Kurtsoko ikasleen aukeraketa batek be parte hartzeko aukerea izango dabe gonbidatu legez.

Egitaraua urriaren 7an zabalduko da Bandako kide baten eskutik eta bakarlari legez, Josep Vicente Ripoll saxo-joleagaz eta formazino honen doinu klasikoei soinu berezia emongo deutson jazz hirukote bategaz: pianojolea, bateriajolea eta kontrabaxujole bategaz. Urriaren 25en Bandako beste bakarlari bat entzuteko aukerea izango da, klarinete maisua den josé Rafael Climet. Eta udagoieneko denporaldiari amaierea emoteko, abenduaren 16an, Spanish Luur Metalls boskotea izango da entzungai. Mundu osoko jaialdietan parte hartzeaz gan, Maurice Jarre konposatzeile ospetsuagaz lan egin du boskoteak eta Príncipe de Asturias Sari banaketa ekitaldian be jo izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu