Portugaleteko Orfeón Jarrillerok emongo deutso hasierea Getxoko XXI. Habanera eta Itsas-Abesti Jaialdiari

Bizkaie! 2007-09-11 02:00   Musikea

Portugaleteko Orfeón Jarrillero taldeak emongo deutso hasierea hilaren 13tik 15era luzatuko dan Getxoko 21. Habanera eta Itsas-Abesti Jaialdiari. Kontzertuak Areetako Geltokia plazan izango dira 20:00etatik aurrera, doban.

Portugaleteko Orfeón Jarrillero taldeak emongo deutso hasierea hilaren 13tik 15era luzatuko dan Getxoko 21. Habanera Jaialdiari. Kontzertuak Areetako Geltokia plazan izango dira eta jaialdiaren musika eskaintzea osotzeko, Kataluniako Marina Rosell abeslariak be kantauko dau barikuan eta, biharamunean, Valladolideko Habaneras de Aguadulce taldearen txandea izango da. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta, ohi bezela, sarrerea dobakoa izango da.

Portugaleteko Elai-Alai taldeko Orfeón Jarrillero 1990 urtean sortu zan tradizino familiarreko musikari eta konpositorea zan Alfredo Cobos Reimundez portugaletetarraren ekimenari esker. Taldearen lehenengo urteetan Cobos izan zan zuzendaria eta, horren ondoren Fernando Aguadok hartu eban lekukoa.

Gaur egun Orfeón Jarrillero abesbatzak gizonezkoen 35 ahots ditu eta bere errepertorioaren barruan, besteak beste, moteteak, abesti erlijiosoak, musika profanoa, habanerak, biribilketak, zortzikoak, operako piezak eta zarzuela herrikoienetakoak ditu, baina, horreek guztiak gorabehera, euren espezialidade nagusia habanerak dira.

Bestalde, Marina Rossell itsas-abestien eta ‘habaneren ahots handienetakoa dala adierazo dabe antolatzaileek. Kantari katalanak 1976an ekin eutson kantuari eta bere ibilbidean zehar hamabost bat lan argitaratu ditu eta beste artista batzuekaz be abestu dau, berabarako Georges Moustaki, Montserrat Caballé, L. E. Aute, Carlos Cano, Pedro Guerra, edo Tomatito gitarra-jole flamenkoagaz.

Azken jardunaldirako Habaneras de Aguadulce taldea ekarriko dabe antolatzaileek. Zazpikoteak, 1998. urtean sortu zanetik, habanera ulertzeko era barria ekarri deutso tradizinozko genero horri.

Kontzertuez gan, aurten publikoak ‘Getxo eta itsasoa’ argazki erakusketaz gozetako aukerea izango dau. Erakusketea jaialdiko esparruan kokatuko da eta bertan, itsasoari lotutako zenbait argazki egongo dira ikusgai. Era berean, beste nobedade bat egongo da aurtengo jaialdian, Itsas Azokea, hain zuzen be. Besteak beste, itsaskiak, bakailaoa, kontserbak eta oroigarriak erosi ahal izango dira Areetako Geltokia plazan domekara arte. Azokearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara izango da eguenetik zapatura; domekan, barriz, goizeko ordutegian baino ez da zabalduko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu