Berri Txarrak taldearen urteko azken kontzertuak Gernikan
2007-09-11 02:00 MusikeaKontzertu bi eskainiko ditue nafarrek, lehenengoa irailaren 13an, eguenean (19:00), berezia izango da, ‘Zertarako Amestu’ DVDa grabetako emonaldia izango dalako. Bigarrena irailaren 14an izango da.
Berri Txarrak taldearen ‘Jaio. Musika. Hil’ diskoaren aurkezpen bira erraldoia orain 25 hilebete hasi zan eta amaierea, barriz, Euskal Herriari jagokonez, Gernikako Astran izango da; kontzertu bi eskainiko ditue nafarrek, lehenengoa irailaren 13an, eguenean, berezia izango da, ‘Zertarako Amestu’ DVDa grabetako emonaldia izango dalako. Sarrera kopurua (300) mugatu egin dau GOR diskoetxeak eta, beraz, 300 horreen erdia diskoetxeak berak kudeatuko dau. Sarrerak eskatzeko (amaitu bitartean) ondoko helbidera idatzi behar da:
astraberexi@berritxarrak.net.
Ganerako 150 sarrerak Astrak jarri ditu salgai Gernikan bertan
www.astragernika.net helbidean ikus daitekenez.
Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da baina DVDko zuzendariak emongo dituan azalpenak entzuteko dei berezia egin deutse bertaratuko diranei Astrara arratsaldeko 18:00etarako joan daitezan.
Dana dala, egueneko (13) kontzerturako sarrerak lortzen ez dituenentzat, barikuan (14an) beste kontzertu bat emongo dau Berri Txarrak taldeak, 'Jaio.Musika.Hil’ biran Euskal Herrian emongo daben azken kontzertua. Emonaldi ‘normala’ izango da (ez da grabatua izango eta ez da sarrera kopuru mugaturik egongo). Berri Txarrak taldearen aurretik Akatu (
www.myspace.com/akatu) taldeak joko dau. Berri Txarrak taldea gaueko 23:00etan agertuko da taula gainean eta Akatu, barriz, ordubete lehenago.
Kontzertu honetarako sarrerak ostiralean bertan erosi ahal izango dira, Astrako txarteldegian. Bi emonaldietarako sarrerak 5 euroan dagoz salgai.
Azken buruan, ‘Jaio.Musika.Hil’ birako azken kontzertua Catalunyan eskainiko dau Berri Txarrak taldeak. St. Feliu de Codinesen izango da irailaren 15ean, zapatuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!