Kanpoko eta bertoko hainbat taldek joko dabe Bilboko Kafe Antzokian Aste Nagusian

Gotzon Uribe 2007-08-07 02:00   Musikea

Texas Terri kantari amerikarra;Granadako Lagartija Nick talde ospetsua; Delorean, Getxo Standard eta Lisabö euskaldunak eta beste hainbat ekitaldi izango dira aurtengo jaietan.

Bilboko Kafe Antzokiak Aste Nagusia dala-eta hainbat kontzertu antolatu ditu. Jaiakaz bat eginez, musika zaleek aukera bereziak izango ditue Antzokian kontzertuak ikusteko.

Abuztuaren 17an, barikua, jai bezperan, Texas Terri kantari amerikarra izango da bere taldeagaz, baita Granadako Lagartija Nick talde ospetsua be. Texas Terri emakumea oso ezaguna da musikearen munduan. Iggy eta Mick Jagger-egaz konparau izan dabe askotan. Zuzenean inoiz ikusi ez dauenak sorpresa handia hartuko dau taldea taula ganera igoten danean. 70. eta 80. hamarkadako rock doinuak garage estiloagaz buztartzen ditu Texas Terri kantariak. Bitartean, Granadako taldea ‘El Shock de Leia’ disko barria aurkeztera hurreratuko da Bilbora.

Abuztuaren 21ean, astelehena, Delorean taldeak jantzarako doinu modernoak ekarriko ditu. Plazaratu daben azken diskoak, ‘In to the plateau’, arrakasta itzela izan dau. Jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu dabe eta irailean Berlineko Popkomm azokan izango dira Euskal Herria ordezkatzen.

Abuztuaren 22an, martitzena, Getxo Standard talde arrakastatsua izango da. Rock doinu jantzagarriak jorratzen dituan taldeak estaduan hainbat kontzertu emon ditu, baita Europan be.

Abuztuaren 23an, eguaztena, Lisabö taldeak bere ‘Ezlekuak’ diskoak izan dituan kritikak zergaitik diran bikainak erakutsiko dau. Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izan ziran bagilean 2.000 lagun ingururen aurrean. Eta Bartzelonatik datoz, baita, Standstill, ‘Viva la guerra’ azken lanagaz. Emozioz beteriko rocka jorratzen dauen taldea da.

Kontzertuez gan, abuztuaren 20an eta eguerdiko 12:00etan Txan magoa be izango da gaztetxuenei ‘Euskearearen magia’ saio didaktikoa eskaintzeko. Eta didaktikeagaz jarraituz, Xabi Paya eta Oihana Enbeita bertsolariek abuztuaren 23an eguerdiko 12:00etan bertsolaritzearen inguruko saio didaktikoa eskainiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu