Bermeoko XII. Nazioarteko Musika Asteak bost kontzertu eskainiko ditu abuztuaren 6tik 10era bitartean
2007-08-06 02:00 MusikeaLehenengo emonaldia Empordako (Katalunia) Ganbera Orkestraren eskutik etorriko da. Ostean, T.I.04 ganbara laukotea, Ricardo Ribeiro portugaldarra, Amaia Urtiaga sopranoa eta Awa Project taldea izango dira Andra Mari eleizean.
Bermeoko Nazinoarteko Musika Astearen 22. edizinoak bost emonaldi eskainiko ditu abuztuaren 6tik 10era bitartean Andra Mari eleizean, 20:00etatik aurrera (abuztuaren 10eko kontzertua 21:00etan izango da).
Lehenengo emonaldia abuztuaren 6an Empordako (Katalunia) Ganbera Orkestraren eskutik etorriko da. Taldeak orain dala 18 urte hasi eban bere ibilbidea eta 2.000 kontzertu baino gehiago emon ditu. Bost kontinenteetatik eta 40 lurralde baino gehiagotik egin dabe birea, Txinatik Mariana ugarteetara, Jordaniatik Mexikora, Japoniatik Alemaniara, Frantzia, Italia, Austria, Espainia eta musika jaiaidirik ospetsuenetan jo ostean. Tartean, hainbat sari be lortu ditu musika klasikoko interpretazino mailan.
Abuztuaren 7an, T.I.04 ganbara laukotea izango da protagonista. Talde honek XX. eta XXI. mendeetako musikea hartu dau oinarritzat eta gaurko eta bertoko konpositoreen (Ramon Lazkano, Zuriñe F. Gerenabarrena, Sergio Gutierrez, Guillermo Lauzirika edota Iker Ruiz de Alegria) lanak interpretetan ditu, baita Hindemith, Stravinsky edo Milhaud lako konpositoreenak be.
Abuztuaren 8an Portugaleko fadoak entzungo dira Bermeon, Ricardo Ribeiroren ahotsean. Lisboan jaioa orain dala 23 urte, bederatzi urtegaz hasi zan kantetan. Frantzian eta Ingalaterran abestu dau eta New Yorken Argentina Santosegaz emon eban kontzertua.
Abuztuaren 9an, Amaia Urtiaga sopranoa izango da Bermeon. Soprano bermeotarra txikitan hasi zan ikasten bere jaioterriko musika eskolan. 2004an New Yorkera joan zan musika ikasketak amaitzeko eta 2007ko maiatzean, Princetoneko Unibersidadeko Westminster Chois College ikastetxean graduau zan Kantu eta Pedagogia masterrean. Urtiagak Stephen Hopkins New Yorkeko piano-jolea izango dau lagun bere emonaldian. Bikoteak konpositore ospetsu askoren abestiak interpretauko ditu, Jesus Aranbarri, Joaquin Turina, Gounod, Guridi, Verdi, Puccini eta Torroba, besteak beste.
Azkenik, abuztuaren 10ean, 21:00etan hasita, Awa Project taldea izango da Andra Mari elizan. Taldeak jazza, funkya, bluesa erritmo latinoakaz (kalipsoa eta bossanova) eta erritmo afrikarrakaz (zouk) nahastau eta kontzertu koloretsuak eskaintzen ditu.
Musika Astearen antolatzailea Bermeoko Udaleko Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Saila da, Udal Musika Eskolaren laguntzinoagaz. Laguntzaileen artean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, BBK, Itsuki Irratia eta Andra Mari eleiza dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!