Kalesound Maketa Lehiaketako irabazleak Zizateh eta Akatu taldeak izan dira

Bizkaie! 2007-07-17 02:00   Musikea

Zizateh pop rock sailean eta Akatu metal sailean izan dira Kalesound I. Maketa Lehiaketako irabazleak. Infernuko Panpinak eta All Jazz Era (pop rock sailean) eta Toil eta Eutanasia (metal sailean) izan dira beste saritu batzuk.

Zizateh pop rock sailean eta Akatu metal sailean izan dira Kalesound I. Maketa Lehiaketako irabazleak. Infernuko Panpinak eta All Jazz Era (pop rock sailean) eta Toil eta Eutanasia (metal sailean) izan dira beste saritu batzuk. Gotzon Hermosilla (Berria, Izu Giroa), Julen Azpitarte (Entzun, Ruta 66, Gaztezulo) eta Mikel Bizarrek (Idi Bihotz) osotu dabe epaimahaia. Guztira 40 taldek parte hartu dabe lehiaketearen lehenengo edizinoan, 23k pop-rock atalean eta 17k metal sailean.

Iruneko Zizateh bandeak irabazi dau pop-rock sailean. Antolatzaileen esanetan, ‘hirukoteak funk eta psikodelia zantzuak dituan rock bizia joten dau, tarte instrumental zabalakaz jantzita’. Holan, ‘Irun eta Hondarribia herrietan Orgasmic Toothpicks eta Beti Mugan lako taldeek egindako bide psikodelikoari eutsi eta nortasun berezia dauen proposamena aurkeztu dau Zizateh hirukoteak’. Sariari esker 1.500 euro gastau ahal izango ditue Durangoko Txirula musika dendan. Horrezaz ganera, Durangoko Plateruenan joteko aukerea be izango dabe.

Bigarren saria Infernuko Panpinak boskoteak jaso dau. ‘Atxondokoek musika jario sendoa, potentea eta energiaz betea joten dabe’, dinoe lehiaketearen ordezkariek. ‘Eskandinaviatik 1990eko hamarkadan arrakastatsu etorri ziran banden antzera, bizkaitarrek hard rock eta punk rock indartsua jorratzen dabe, kalidadezko gitarra riff eta soloakaz jantzita’.

Gorlizeko All Jazz Era bandeak hirugarren saria lortu dau. ‘Bizkaitarrek funk eta jazz estiloak jorratzen ditue’.

Bigarren eta hirugarren saridunek Bilboko Bilborock aretoan joko dabe irailaren 21ean.


Metal arloan Akatu irabazle

Metal sailari jagokonez, Akatu izan da irabazle. ‘Iruñeko zazpikote gazteak melodiaz beteriko metal garaikide bikaina joten dau. Indarraren eta melodiaren arteko buztarketa fina da hareen ezaugarri nagusia. Nu-metal estiloaren barruan sar daitekez, baina nafarrek beste estilo batzuetako ikutuak be lantzen ditue: rock edota metal emo ikutuak’. Horreek be, Durangoko Plateruena Aretoan joko dabe metal sailaren irabazle legez eta, horrezaz ganera, Txirula dendan 1.500 euroko gastua egiteko aukerea irabazi dabe.

Bigarren eta hirugarren postuak Oreretako Toilek eta Gernikako Eutanasiak jaso ditue. ‘Gipuzkoarrek abangoardiako metala jorratzen dabe. Hareen proposamena zabala da, metal estiloan kokatu arren: oihuak, intensidadez beteriko tarteak eta giro ilunak dira, besteak beste, hareen doinuen ezaugarri batzuk’. Bestalde, ‘bizkaitarrek metal eta hardcore estiloen nahasketan eregitako kantak joten ditue eta nonork Pantera taldea be aitatu dau gernikar gazteen musikea entzuterakoan’. Talde biek Bilborock aretoan joko dabe irailaren 22an, metal sailaren finalista legez.

Azkenik, epaimahaikideek aitamen berezi bi egin ditue. Batetik, pop-rock sailean lehiatu dan Josu Bergara nabarmendu dabe: Bergara kantautore formatuan aurkeztu da eta epaimahaikideek bere kantuen kalidadea aitatu gura izan dabe. Bestalde, metal sailean lehiatu dan Arteagako Hits laukotea be azpimarratu dabe, taldeak jorratzen dauen jatorrizko metal estiloagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu