Bilbaomusikak umeentzako musika-udalekuak antolatu ditu

Bizkaie! 2007-05-22 02:00   Musikea

Igaz Musika Bai! izeneko ekimenak lortu eban arrakastea ikusita, BilbaoMusikak esperientzia errepetidutea erabagi dau, 3 eta 12 urte tarteko neska-mutilei arteagazko sentiberatasuna eta musikeagako jakinmina lantzeko aukerea eskainiz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailaren menpeko BilbaoMusika erakunde autonomoak dei egin deutse gaztetxuenei, aurten be musika-udalekuetan parte hartu daien. Igaz Musika Bai! izeneko ekimenak lortu eban arrakastea ikusita, BilbaoMusikak esperientzia errepetidutea erabagi dau, 3 eta 12 urte tarteko neska-mutilei arteagazko sentiberatasuna eta musikeagako jakinmina lantzeko aukerea eskainiz. Musika Bai! Bilboko Udal Musika Eskolako instalazinoetan egingo da garagarrilean, eta bi txanda antolatuko dira (garagarrilak 2-13 eta garagarrilak 16-27). Bagilaren 15era arte dago zabalik matrikulea egiteko epea. Nahiz eta lehen txandan izena emoteko epea hilebete bat aurretik beteta egon 70 neska-mutilakaz (itxaron zerrendea dago), oraindino badago lekurik garagarrileko bigarren hamabostaldian izena emoteko.

Musika bai! Musika-Udalekuek aukera ederra eskaintzen dabe oporraldia musika mundua ezagutu, interpretau eta bizitzeko helburuz eratutako bi asteko jolasaldi batez hasteko. Asmoa, musika sentidu, ezagutu eta interpretau eta musikeagaz alkarbizitzen ikastea da metodo jostagarri eta parte-hartzaileagaz, jolasa, marrazkia, pinturea, mimoa eta dantzea lako jarduerakaz. Aurten ganera, barritasun moduan, antzerkian izena emoteko aukerea be eskaintzen da.

Ondokoak dira udalekuotako helburuak: alde batetik, ikaslegoaren sentiberatasuna lantzea musikearen bitartez, ezelako asmo teorikorik barik; eta bestetik, eskola-ikasleei oporretan musikeagazko jakinmina garatzen lagunduko deutsen tailer bat sortzea. Errepertorioak era guztietako obrak eta musika-estiloak batuko ditu, Barrokotik hasi eta gaur egungo musikaraino, eta jarduera guztiak Udal Musika Eskolako musikari profesionalen, Gorputz-Heziketako lizentziadunen eta laguntzaileen ardurapean burutuko dira.


Familia kontzertua eta diplomak

Udaleku bakotxaren amaiereagaz batera (garagarrilak 13 eta 27) Bilborock aretoan familientzat zuzendutako kontzertu bat izango da –‘Musika familia artean’-, diplomen banaketeagaz batera. Klaseak astelehenetik barikura bitartean izango dira goizean (9:30tatik 13:30tara) ‘Sormena, antzerkia eta garapena hautazko irakasgaia hartzen daben ikasleek izan ezik, goizeko 8:30etan hasiko dana. Ganerako programazinoa ‘Kontzertu didaktikoa’, ‘Adierazpidea, jolasak eta gorputz-heziketea’ irakasgaiak osotzen dabe, eta atseden eta otorduaren ondoren, ‘Dantza eta koreografiak’ eta ‘Kantua, koru-entsegua’. Plaza-kopurua mugatua danez, interesatuek bagilaren 15era arte dabe zabalik izena emoteko epea. Plaza-banaketea izena emotearen ordenaren arabera egingo da eta interesatuek BBKn egin beharko dabe 110 euroko ordainketea eta antzerkia multzoa aukeratu dabenek 135 eurokoa; ondoren, agiriak BilbaoMusikara eroan behar dira.


Ekimen arrakastatsua

Ekimen bitxi hau 2005eko garagarrilaren lehen hamabostaldian jarri zan abian lehenengoz. Musika Bai! (2006) ekimenaren bigarren edizinoan bi txanda antolatu ziran eta aurten be bai eskaera handiaren ondorioz. Izan be, eta matrikula epea zarratzeko hilebete bat falta dalarik, lehen txandea (garagarrilak 2-13) beteta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu