Idi Bihotzen CD eta DVDa kalean
2007-04-19 02:00 MusikeaHamar urte diskoa preparetan emon ostean, seigarren zuzenekoa atara dau Idi Bihotz talde bilbotarrak. Taldekideen esanetan, ‘bide bat zarratu eta beste bati ekiteko ordua heldu da’.
Hamar urte diskoa preparetan emon ostean, seigarren zuzenekoa atara dau Idi Bihotz talde bilbotarrak. Taldekideen esanetan, ‘bide bat zarratu eta beste bati ekiteko ordua heldu da’. Bide barri horretan izandako lehenengo aldaketea diskoetxea bera da, orain arte diskoak Oihukagaz atara arren, orain Idi Bihotz Records izeneko zigilua sortu dabelako. ‘Dana kontrolau gura izan dogu guk eta, hori lan handia izan arren, asko gustau jaku esperientzia’.
Diskoaz gan, aurkeztu barri daben lanak DVDa be badakar, igazko garagarrilaren 19an Santurtzin eta irailaren 13an Ansoainen emondako kontzertuetan grabautakoa. Hainbat kolaboratzaile eta konbidau izan ditue, ‘musikearen munduan urte piloa daroaguz eta jente asko ezagutu dogulako’. Kolaboratzaile horreen artean Aitor Goroxabel (Su ta Gar), Aitor Uriarte (Latzen), Jon Kelly (The Kelly family), Rober eta Mikel (Tierra Santa), Carlos Escobedo (Sober eta Savia), J. Molly (Hamlet), Manuel Martinez (Medina Azahara), Oscar Sancho (Lujuria), Brigi Duque (Koma), Mart (Estirpe), Maite (Itoiz) eta Pedro eta Jimmy (Flyin´freak) dagoz. ‘Izugarrizko ohorea izan da guretzat horrekaz danakaz lan egin ahal izatea eta, ganera, gozau egin dogu danak euskeraz abesten entzutean, bai bertokoak zein kanpokoak’, esan dabe taldekideek. Halanda be, kanpokoei meritua kendu barik, bertokoei omenalditxua egin deutsee, diseinatzaile, argazkilari, soinu-teknikari eta beste hainbesteri, ‘ez dalako etxetik urrun joan behar profesional onak topetako’.
Kanpora urten
Kanpora salto egiteko asmoagaz atara dau diskoa Idi Bihotzek, ‘estadu mailara, Europara edota Hego Amerikara’. Ibilbide barriaren ardatzetariko bat horixe da, ‘musika-estiloa bardin mantenduko dogulako’. Sasoi bateko egoerea aldatu egin dala dinoe, ‘orain ez dira horrenbeste kontzertu emoten’. Baina honezkero badaukiez batzuk berbatuta eta eguzkiaren lehenengo argiek udearen etorrerea iragarten daben honetan, aurtengo udea oparoa izango dala aurreikus daiteke. Ordura arte, gozau egizue DVDan eskainitako soinu eta irudiez eta baita, zelan ez, CDko kanta barriez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!