Niko Etxartek jarri deutsoz musikea eta berbak Korrika 15eko kanteari
2007-02-13 01:00 MusikeaKorrika hurreratzen dagoan honetan, Korrika bera eta bere inguruko ekitaldiak girotuko dituan kanta eta bideoa ezagutu doguz. Korrika 15eko kanta, Heldu Korrikari, Niko Etxartek sortutako musika eta berbakaz dator.
Korrika hurreratzen dagoan honetan, Korrika bera eta bere inguruko ekitaldiak girotuko dituan kanta eta bideoa ezagutu doguz.
Korrika 15eko kanta, Heldu Korrikari, Niko Etxartek sortutako musika eta berbakaz dator. Zelan ez, Hapa-Hapa taldeko musikariak izan ditu Niko Etxartek laguntzaile lanetan. Kantan, bestetik, Euskal Herri osoko ahots eta estilo desbardinetako abeslariak izan ditu alboan: Barricada taldeko Enrique Villareal El Drogas, Dominic Earl, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba, Joseba Gotzon, Xabaltx, Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga, Ozke taldeko Klod Etxebarria, Amaren alabak talde zuberotarreko Luxi, Maider eta Grasi, eta Bruno Hollemaert.
Kantea eta bideoklipa Donostian aurkeztu dabe, Koldo Mitxelena Kulturgunean, eta bertan izan dira Edurne Brouard Korrika 15eko arduradunagaz Niko Etxart bera, Enrique Villareal, Amaren alabak, Joseba Gotzon eta Jon Gurrutxaga.
Kanteagaz batera, Korrika 15eko bideoa be aurkeztu dabe. Unai Iturriaga izan da bideoaren gidoilaria eta zuzendaria eta berak azaldu ditu bideoaren nondik norakoak. Beragaz izan dira bideoko protagonistetako bat, Maialen Lujanbio, eta Xabier Iñarrairaegi eta Karlos Eriz, bideoa editau daben IKB enpresako kideak. Musikea Logela Multimedia taldeko Ander Garaizabal eta Gorka Molerok moldatu dabe.
Bideoa Karrantzako kobazuloetan hasten da eta Iruñean amaitu, Korrika 15ek berak egingo dauen moduan. Bideoko protagonistek euskereagaz izan daben esperientzia kontetan dabe. Persona gramatikalek osotzen dabe gidoia: Ni Beda Ajuria da, AEKn euskera eskolak emoten urte piloa daroan irakaslea. Zu Maialen Lujanbio bertsolaria da, zu eta ni-aren ganeko olerkiaren egilea. Bera Marije Ramos, Yaidel Martinez, Omar Bodian, Miguel Reguera, Jose Rodriguez, Juan Jose Trevilla, Pantxo Cruz eta Sally Christopher dira, euskaldun jaio ez diran euskal herritarrak. Gu Amaren alabak taldeko kantari zuberotarrak dira, Korrika 15en kantan be parte hartu dabenak. Zuek bideoa ikusten dagozanak dira, danak, euskerea existiduten danik be ez jakin arren. Eta hareek... ez dabe arpegirik Korrikaren bideoan, baina euskerearen eta euskaldunon kontrako adierazpenek osotzen dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!