Lisabö taldeak 'Ezlekuak' diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2007-02-12 01:00   Musikea

Lisabören bosgarren diskoa bi formatutan aurkeztu dabe: bata CDan, eta bestea binilozko LPan; azken horregaz, CDa be eskainiko dabe doban.

Lisabö talde irundarrak disko barria dakar 2007an. Taldearen bosgarren lana ‘Ezlekuak’ 2006ko abuztua eta zemendia bitartean grabau, nahastau eta masterizau eben Tolosako Bonberenean eta Irunen.

‘Ezlekuak’ diskoak barrikuntzak dakarz, izan be, taldeko kideen artean, joan-etorriak izan dira. Egun, Karlos Osinaga (gitarra eta ahotsa), Ivan Zabalegi (bateria), Eneko Arazasti (bateria), Ion Yugueros (baxua) eta Javi Manterola (gitarra eta ahotsa) musikariek osotzen dabe Lisabö. ‘Amodioa’ proiektua aurkezteko deskantsua hartu ostean, Javi taldera bueltau da. Orain Aida (aurreko bateria) falta da, haren ordez Ivanek hartu ditu makilak, Javi sartu ondoren.

Lisabök berak produzidu eban lehen maketea, eta hurrengo diskoak Esan Ozenki Records, Acuarela eta Metak diskoetxeakaz argitaratu eta gero, orain be taldekideak eurak dira ‘Ezlekuak’ lanaren produkzinoaren ardurea hartu dabenak. Horretarako, Bidehuts izeneko diskoetxea sortu dabe Inoren Ero Ni taldeagaz batera.

Lisabören bosgarren diskoa bi formatutan aurkeztu dabe: bata CDan, eta bestea binilozko LPan; azken horregaz, CDa be eskainiko dabe doban.

Lisabök zuzenean aurkeztuko dau disko barria zezeilaren 15ean. Hitzordua Donostian izango da Gazteszena egitasmoaren barruan, Egiako Kultur Etxean, gaueko 21:00etan hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu