Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako irabazlearen lanak aurkeztuko ditue Bilbon

Bizkaie! 2007-01-30 01:00   Musikea

FNAC dendan aurkeztuko ditue Karelean taldearen CDa eta bideoklipa. Ganera, Euskadi Gazteako ‘Are Gazteago’ irratsaioa bertatik egingo dabe Joseina Etxeberriak eta Mikel Apaolazak.

Euskadi Gaztearen XVI. Maketa lehiaketako irabazlearen CDaren eta bideokliparen aurkezpena egingo da Bilboko FNAC dendan. Karelean talde irabazleak kontzertua emongo dau eta Euskadi Gazteako ‘Are Gazteago’ irratsaioa bertatik egingo dabe Joseina Etxeberriak eta Mikel Apaolazak. Ganera, Iker Trebiño bideoklipa egin dauen euskal errealizadore ospetsua be bertan izango da.

Ekitaldi berezi honetan aurkeztuko dan CDak lehiaketako irabazlearen eta Euskadi Gaztearen entzuleen boto gehien jaso daben hiru maketen kantak batzen ditu.

Holan, arratsaldeko laurak eta seiak bitartean Euskadi Gazteako esatariak Bilboko FNACen izango dira. Lehenengo ordu bietan, Joseina Etxeberria musika jarten izango da; seietatik aurrera, aurkezpena egingo da saioan.

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, barriz, Karelean taldeak zuzenean joko du Bilboko FNACeko Forum aretoan. Zestoa eta Azpeitia aldetik heldu dira Euskadi Gazteako XVI. maketa lehiaketako irabazleak, Karelean taldea saritu dau-eta aurtengo epaimahaiak, 'estilo eta doinu anitzen nahasketea lortu dauelako'.

Joseba Illarramendik, Olatz Pratek, Raul Olaizolak, Biti Tenak eta Aitor Kortak osotzen dabe Karelean taldea. Joseba, Biti eta Raul lehenagotik be alkarregaz ibilitakoak dira Lin Ton Taun taldean eta orain dala hiru urte hasi ziran Karelean proiektuari itxurea emoten. Lan honetan hasi eta gitxira, Olatzen ahotsa eta Aitorren bateriaren indarra gehitu eta ideia eta doinu barriak buztartzeari ekin eutsen. Rock melodikoa jorratzen dabela dinoe protagonistek, baina argi itxi gura dabe orain arte egin dabenagaz konparauta desbardina dala euren musika proposamena.

Orain dala urte bi ekin eutsen maketea prepareteari eta zezeilaren 18 eta 19an egin ditue grabazino-lanak Urrestillan (Azpeitia). Sei kanta batu ditu Karelean taldeak maketa honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu