Bike, soinu elektroniko bizkaitarrak batzen dituan proiektua
2007-01-17 01:00 MusikeaEkimenaren lehenengo frutua 'Bike 1.0' diskoa da, hamaika musikarik osotutako hamalau kanta batzen dituana. Aurrerantzean, bideo lehiaketea, musika-tailerrak eta beste hainbat egitasmo etorriko dira.
Musika elektronikoa zuzenean lotzen dogu ordenagailu edo aparatuen bidez sortutako musikeagaz baina ez dau zertan holan izan behar, gitarra edota bateria gehitu ezkero, oinarri elektronikoa daben doinuek ikutu berezia jaso leikielako. Hori pentsau eban Unai Gonzalezek orain dala urte bi eta, lan-taldea topau ostean, Kap Produkzinoak etxearen eskutik ikusi da frutua: BIKE, Bilbao Kolektibo Elektronikoa.
Izen beraren atzean hainbat proiektu dagoz, argia ikusi dauen lehenengoa diskoa izan arren. Lan-taldean honako musikariak dagoz: Mikel Clemente, Insert Beat, Jose Luis Canal, Templar & Birdy, Backbone, Soul a Dos, Idiomatics Dr J, Amiga, Dr Pinsapo (Gonzalez bera), Fernando Carvalho eta Tierra, besteak beste. Diskoak musika elektronikoaren eszenategiko musikari eta sortzaile adierazgarrienenen 14 kanta batzen ditu eta ‘azpimarratu behar da gu sortzaileak garala, sortuta dagoan musikea jarteaz gan, guk sortu egiten dogu’. Lehenengo kontzertua urtarrilaren 20an, zapatua, izango da Bilboko Bilborock aretoan.
Proiektu beraren barruan ekimen gehiago dagoz aurreikusita. Holan, zabaldu barri daben webgunearen Bestalde, kide barriak erakarteko helburuagaz, tailerrak preparau ditue BilboArteren egoitzan, ‘proiektua aberastuko daben ideia barriak jasoteko, aurrerantzean be zabala eta malgua izateko’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!